Baiona Berdea eta Elkarkidea hautagaitzak ez du babestuko Etcheto buru lukeen aliantzarik
Baiona Berde eta Elkarkidea hautagaitzako kideek bozketa egin dute gaur goizean udal hauteskundeen bigarren itzuliari begira estrategia zehazteko. Ekologistak, abertzaleak eta ezker hexegonaleko ordezkariak biltzen dituen hautagaitzak baztertu du Baiona Hiri Irekia eta Bihar Baiona ezkerreko beste bi hautagaitzekin batera aliantza egiteko aukera.
Baiona Berde eta Elkarkidea hautagaitzako 116 kidek parte hartu dute goizeko 10.00etatik 14.00ak arte era presentzialean gauzatu den bozketan.
Henri Etcheto PSko kidearen hautagaitza, Baiona Hiri Irekia, eta Mathieu Bergé sozialista disidentea buru duen Bihar Baiona zerrendarekin batera aliantza egitea babestu dute 54 lagunek.
Alta, 56 lagunek aliantza hirukoitz hori errefusatu dute. Bozketan sei boto zuri izan dira.
Bigarren aukera bat bozkatu dute horren ondotik BBEko kideek. Zehazki Etcheto ez bezala, besteak beste, euskara, Euskal Elkargoa eta konponbide prozesuari buruz jarrera baikorragoa duen Berge Mathieuren hautagaitzarekin (Bihar Baiona zerrenda) aliantza egiteko aukerari buruz erantzun dute militanteek. 91k babestu dute aukera hori eta 21ek horren kontra botoa eman du. 4 boto zuri izan dira bigarren bozketa horretan.
Berge Mathiereurekin akordiorik ez balego, Baiona Berde eta Elkarkidea hautagaitzako kideek bigarren itzulian ez izateko aukera hobetsiko lukete. 49 lagunek babestu dute aliantza egin ezean erretiratzeko aukera eta 48k hauteskunde lehian jarraitzea babestu dute. 19 lagunek boto zuria eman dute.
Jean-Rene Etchegaray jarduneko auzapeza buru zuen zentro-eskuineko hautagaitzak bildu zuen sostengu gehien lehen itzulian. Euskal Elkargoko buruak %40,33 lortu zuen.
PSko kide den Henri Etcheto bigarren heldu zen (%29,76) martxoaren 15ean.
BBEk harturiko erabakia «tristuraz» hartzen duela, baina erabaki horrek oraindik ere beharrezkoago bilakatzen duela «ezkerreko beste bi zerrenden artean» nabarmendu du Etchetok facebooken bidez arratsalde erdian zabaldu duen mezu batean.
Bozketa 18 herritan
Maulen hiru zerrenda izanen dira finean bigarren itzulian. Louis Labadot ezkertiarra izan zen hautagairik bozkatuena lehenengo itzulian. Botoen %37,61 lortu zuen.
Orain sei urte gertatu bezala, Labadotek uko egin dio oraingoan ere Beñat Elikagay abertzalea buru duen Maule Aitzina zerrendarekin akordioa erdiestera.
2014an ezkerreko indarren arteko aliantza faltak garaipena eman zion M15ean bigarren heldu zen Mixel Etxebest jarduneko alkateari.
Negoziaketak beste hainbat herritan
Hendaian, berriz, arratsalde honetan biltzarra eginen du Hendaia Biltzen taldeak bigarren itzuliari begira estrategia zehazteko. Azkeneko sein urtetan Kotte Ezenarro auzapez sozialistarekin batera jardun du talde abertzaleak.
Ezenarrok botoen %41,8 lortu zuen martxoaren 15ean. Hendaia Biltzen taldeko buru den Letizian Navarronek %18,37. Sozialistek zein abertzaleek orain sei urteko emaitzak hobetu zituzten. Bestalde, Laurent Tariol ezker hexagonaleko hautagaitzak botoen %7,8 eskuratu zuen.
Bi edo hiru hautagaitzen arteko aliantza egiteko aukera legoke mahai gainean.
Senperen, Idiart zentrista eta Bederede abertzalearen arteko aliantza baieztatu zen atzo. Zerrenda bakarra aurkeztuz martxoaren 15ean lehena heldu zen Pierre-Marie Nousbaum jarduneko auzapez kontserbadorearen bigarren garaipena ekiditea espero dute.
Itsasun, berriz, hiru zerrenda izanen dira ekainaren 28an, Hiribarren ( abertzale ) eta Uztarrozen arteko akordiorik ez delako gauzatu. Zentro-eskuineko gehiengoari segida eman nahi dion Jean Paul Iturburua izan zen garailea martxoaren 15ean.
Biarritzen, berriz, lehen itzulian gailendu zen Maide Arosteguyk ez du aliantzarik egin. Bigarren heldu zen Guillaume Barucqk negoziaketak zabaldu ditu ez soilik baina baita Biarritz Euskal Herrian zerrenda ekologista eta abertzaleko buru den Brice Morinekin.
Heldu den asteartean amaituko da zerrendak erregistratzeko epea. Astelehena jai eguna izanik Ipar Euskal Herrian, asteburuan zehar hartu-emanak azkartu dira.
Orotara Iparraldeko 18 herritan jokatuko da bigarren itzulian. Ekainaren 28an botontziak ezarriko dituzte Zuberoko hiru herritan (Bildoze-Onizepea, Larraine eta Maulen), Nafarroa Behereko lau herritan (Aldude, Amendüze-Unaso, Bidaxune eta Landibarren) eta Lapurdiko hamaika herritan (Azkaine, Baiona, Biarritz, Bokale, Hendaia, Itsasu, Senpere, Urketa, Urruña, Uztaritze eta Ziburun).