INFO

«Lehen aldia da Etxe Zuriko argiak itzalita ikusten ditudana»

Poliziak George Floyd hil zuen egunetik etengabeak dira arrazakeriaren aurkako liskarrak eta protestak Ameriketako Estatu Batuetan. Washingtonen bizi da Samiñe Irigoien eta Naiz Irratian eman du bertan gertatzen ari denaren testigantza.

Bi polizia Minneapolisen, Geoger Floyd gogoratzen duen afitxa baten alboan (Stephen MATUREN I AFP)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Ameriketako Estatu Batuetako hiri askotan errepikatzen ari dira protesta eta istiluak. Herritar asko suminduta daude poliziak George Floyd afroamerikarra asfixiatuta hil zuenetik. Hiriburu nagusietan istiluak gauero errepikatzen dira, Washingtonen adibidez. Bertan bizi da Samiñe Irigoien, eta Informazioaren Harian azaldu du herritarrak oso haserre somatzen dituela.

«Etxeratze agindupean gaude bigarren egunez». Washingtongo alkatearen aginduz, hiritarrak gauez ezin dira etxetik atera Irigoienek azaldu duenez. Gainera, George Floyden familiak eskatutako autopsian gaztea asfixiaz hil zela baieztatu dutenean, herritarrak oraindik eta gehiago sumindu dira.

Donald Trump presidenteak ere hartu du protagonismoa gertaera honetan. Presidenteak Twitter bidez adierazi zuen gertatutakoak ikusita, hemendik aurrera talde antifaxista guztiak talde terrorista gisa hartuko dituela. Gero zabaldu zen, komunikabideen bidez, ostiralean Etxe Zuriaren inguruko sute eta protestak ikusita segurtasun indarrek bunker batean sartu zutela presidentea babesteko. «Informazio hori oso kaltegarria da Trumpen irudiarentzat». Horrez gain, Irigoienek aitortu du bere bizitzan lehen aldiz ikusi zituela orduan Etxe Zuriko kanpoko argiak itzalita.

Zoritxarrez, arrazakeria oso presente dago oraindik Estatu Batuetako gizartean Irigoienek azaldu duenez. Hala ere, komunikabideak une hauetan ematen ari diren irudia oso berria da Irigoienentzat. «Azpimarratzen ari dira manifestarien gehiengoa baketsua dela». Hori hedabideetan entzutea sekulako aurrerapausoa dela dio.

Trumpen beherakada hauteskundeei begira

Azaroan presidentea aukeratzeko hauteskundeak ospatuko dituzte AEBn. Samiñe Irigoienek argi dauka gertatu den guztia ikusita, Trumpek emaitza baxuagoak izango dituela. «Bere karta irabazlea egoera ekonomikoa izan da beti». Irigoienek azaldu du Trumpek sustatutako ekonomiari esker inoizko langabezia tasarik baxuenak izan dituztela, baina orain; koronabirusa, krisi ekonomikoa eta George Floyden heriotzarekin aukerak asko jaitsiko zaizkiola uste du Irigoienek.