Metroaren obra Kontxaren azpian egiten ari direla salatzeko protesta deitu dute ekainaren 21ean
Satorralaia bizilagunen mugimenduak Donostiako metroaren tunelaren zulaketa-lanak Kontxako hondartzaren azpian egiten ari direla salatzeko protesta-kontzentrazioa deitu du ekainaren 21ean, igandea, eguerdiko 13.00etan Kontxako Pasealekuko erlojuetan.
Elkarretaratzea baino lehen, goizeko 11.30etik aurrera, «ekintza informatibo deigarria» eta kale antzerkia ere egingo dira, «zentzugabeko azpiegitura honek» Kontxako hondartzaren itsas-lurpea Perlatik Londres hotelera 300 metroko tarte batean zulatu eta itsasazpian urak ponpatzeko potentzia handiko estazio bat kokatzea aurrikusten duela salatzeko.
Izan ere, ‘Argia’ aldizkariak asteazken honetan publikatu zuenez, metroaren eraikuntza-lanetan ur-jauzia izan zen. Tunela zulatzen ari ziren bitartean gertatu zen, Easo eta Mirakontxa artean.
ERNE!!! Donostiako metroko obretan urarekin topo egin dute!!! pic.twitter.com/lAew9f7Ds6
— Topometro (@topometro) June 3, 2020
Obretako langileen arabera, Perla zentroaren inguruan aurreikusi ez zuten akats geologiko batekin egin zuten topo eta ura belaunetik gora iritsi zitzaien. Gertakaria dela eta, «baliteke tunelaren norabidea aldatu behar izatea».
«Herritarrek denbora luzean etxeratu behar izan dugun bitartean, Eusko Jaurlaritzak metroaren obrak ez dituela une batean ere gelditu» salatu du Satorralaiak, ezta osasun larrialdiaren gorenean funtsezkoak ez diren jarduera ekonomikoak eteteko dekretua bete ere: «Langile batek publikoki salatu duenez, debekatuta zegoen egunetan lan istripua izan zuen eta behargin gehienak lanean aritu ziren ETSren aginduz, mantenimendu lan gutxi batzuk egiteko aitzakiarekin atzeratuta zituzten lanak aurreratzen».
Halaber, obrak hamarnaka etxebizitzatan pitzadurak, arrakalak eta bestelako kalteak eragin dituelako bizilagunen salaketak ugaritu direla azaldu du Satorralaiak eta metroaren pasantea «inolako herri galdeketarik eta partaidetzarik gabe inposatu» duela gogoratu du, Donostian garraio publikoa eta eskualdean EuskoTrenen sarea hobetzeko dauden beste aukera askoz ere arrazoizkoagoak direla alboratuta.
Hori denagatik, ekainak 21ean, igandea, «Erokeria aurrera doa! Metroaren obrak orain kontxaren azpian» lelopean egingo den protestan parte hartzeko deitu du.