INFO

Suitzan 1610. urtean euskaraz idatzi ziren 100 hitz topatu ditu Mintzoa argitaletxeak

‘Mithridates’ 1610an idatzi zuen Zürichen Caspar Waser teologo eta linguistak. Bertan agertzen diren munduko 130 hizkuntzen artean dago euskara. Latinera 100 hitz itzultzeaz gainera, Euskal Herriari sei orrialde eskaintzen dizkio. Lanaren beste ale batzuk munduko prestigiodun liburutegietan daude eta Mintzoa argitaletxeak Turinen lokalizatu du bat.

Euskaratik latinera ehun hitz itzuli zituen 1610. urtean Caspar Waserrek (Mintzoa argitaletxea).

«Gorputza», «bihotza» eta «gatza» bezalako hitzak jasotzen ditu 1610. urtean Zürichen Caspar Waser linguista eta teologoak idatzi zuen lanean. Hitzok aipatzeak badu bere garrantzia, izan ere «tz» bere horretan agertzen baita orduko garaietan, gaur egun erabiltzen den modu bertsuan. 400 urte igaro dira eta hizkuntza egonkortua zegoela ikusten da. Mintzoa argitaletxeko Aritz Otazuren ustez hori ondoriozta daiteke edukia begiratuz gero.

Euskarazko liburuak eta Nafarroako liburu zaharrak berreskuratzea helburu duen argitaletxe txiki honek otsailean jaso zuen dei bat, Italiako Turin hiritik. Agian beren interesekoa zen liburu bat zuelakoan: ‘Mithridates gesneri, exprimens diferentias linguarum’. Gizon hura ez zebilen erratuta.

Bildotsaren larruak lau mendez barruko edukia kontu handiz zaindu du. Topatutako alean, «ez baita liburua ezta hiztegia, hori baino gehiago da», garai hartako 130 hizkuntza agertzen dira eta bakoitzetik zenbait hitz latinera itzuliak izan ziren. Horietako hizkuntza asko eta asko desagertu egin dira, ez ordea euskara. Argi eta garbi irakur daitezke ‘ardoa’, ‘arreba’, ‘anaia’, ‘aita’, ‘andrea’, ‘burua’, ‘zerua’, ‘ilargia’ eta ‘lurra’ bezalako hitzak. «Oso kolokialak dira, egunerokoak, gaur egun erabiltzen ditugunak, hitz egiteko, komunikatzeko balio dutenak. Ez dira hitz arraroak», kontatu dio NAIZ-i Otazuk. Bere ustez, frogatuta dago «zertaz ari zen» bazekiela egileak.

Euskaratik latinera ekarria dago, eta ez alderantziz. Hau da, euskaratik mundura, latinari esker gure hizkuntza ulertu ahal izateko. Euskal Herriari buruz ere mintzo da, eta beste herriei buruz baino modu zabalagoan. «Beste herrialdeei bizpahiru orri eman zizkion bitartean, gureari sei eskaini zizkion», zehazten du Mintzoako arduradunak.

Aditu eta akademikoen artean ezaguna zen ale honen existentzia eta edizioaren kopuru bat, 25 inguru, munduko mailako erakunde eta prestigiodun liburutegietan daude ondo kontserbatuta. London Library-n, Trinity College-n, Washingtoneko Kongresuko liburutegian, Espainiako Liburutegi Nazionalean, Bavierako liburutegian (Munich) eta Oxford eta Cambridge-ko unibertsitateetan, batzuk aipatzearren. «Liburu potentea da, ez zen izan edizio handia, baina ez dugu inoiz jakingo zenbat egin ziren», erantsi du.

Ezaugarri harrigarrienetakoa da Zürichen argitaratu izana, alegia, euskararen eragin eremutik oso urrun. Nola heldu zen euskararen gaineko informazioa herrialde hartara? Nola jakin zuten Euskal Herria bazela? «Ez dakigu Caspar Waserrek zuzenean ezagutu zuen edo baten batek kontatu ote zion… galdera hori airean gelditzen da», esan du. Bada teoria bat, Joanes Leizarraga euskal idazlea ezagutuko ote zuenaren gainekoa. Neurri batean garaia partekatzeaz gainera, interesak ere bai. Beskoitzekoa Itun Berria euskaratu zuen lehena izan zen. «Caspar Parisen egon zen, Leizarraga oso zahar hil zen, ia ia 100 urte zituela. Agian zirkulu berberetan egon zirela? Izan daiteke. Elkar ezagutu zuten edo ez, ez dakigu, baina posible da».

Alea salgai dago

Ale batzuk lokalizatuta izan arren, berriak aurkitzen direnean gauza inportante bat lortzen da, Otazuren ustez, dela euskarak zuen tokiaz hitz egitea. Gaia berreskuratu, teoria berriak ireki eta ikerketa sustatu, hori da eskuartean dugun kasuak bezalakoek duten eraginkortasunik handiena, eta baliotsuena.

Turinetik Nafarroara ekarri den ale honetaz badakigu 1610. urtean idatzia izan zela eta ziur asko beste azal bat izan zuela jatorrian, izan ere XVII. mendeko lanari XIV. mendean liburuak biltzeko erabiltzen zen larrua jarri zitzaion jatorrizko pergaminoa kenduta. Badakite ere Caspar Waserrek ondutako lanak bazuela lehen bertsio bat, 1555. urtean Conrad Gessner-ek idatzi zuena, hain zuzen. «Lehen lan hori hizpide hartuta, Waserrek euskarazko 100 hitzak erantsi zituen, besteak beste. Ezin da esan bigarren edizio bat izan zenik, egokiagoa da esatea, nolabait, berrikuspen bat izan zela, gaztelerazko ‘edicion revisada’ bat», azpimarratzen du.

Orain, ezinbestean egiten den galdera: «Nola da posible euskarazko hitzak jaso eta Euskal Herriari buruz idaztea Zurichen? Eta alea, gainera, Italian topatzea? Hori da politena», uste du Otazuk.

Mintzoa argitaletxeak alea salgai jarri du, eta bere asmo nagusia erakunde publiko baten eskuetan jartzea da, eta horretarako dagoeneko egin ditu dei batzuk, Aritz Otazuk berak baieztatu duenez. Hala ere, ez du ukatu egun hauetan zenbait partikular batzuen aldetik dei «inportante» batzuk jaso dituztela liburua erosteko interes irmoa azalduz. «Ziur asko bilduma pribatu baten eskuetan bukatuko du, baina euskalduna izango da, hemengoa, ale hau ez da berriro atzerrira aterako», ziurtatu nahi izan du.