INFO

Floyden heriotza salatzeko elkarretaratzeak asteburuan Iruñea, Donostia eta Bilbon

Duela lau urte Eihadji Ndiayerekin gertatukoa gogoan, Iruñeko kontzentrazioa Arrotxapean izango da larunbat eguerdian eta Donostiakoa Boulevardean eta Bilboko Entzutegiaren aurrean, igandean.

Elhadji Ndiayeren heriotza salatzeko 2016an Iruñean izandako manifestaldia. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Talde desberdinek deituta, «arrazakeriaren eta poliziaren indarkeriaren aurkako» elkarretaratzeak izango dira asteburuan Iruñean, Donostian eta Bilbon George Floyden heriotzaren ostean.

Baionan jada ostegun arratsaldean egin dute. Dozenaka lagunek komisaldegira iristen ahalegindu dira, «justiziarik gabe pakerik ez» oihukatuz baina Poliziak moztu die bidea.

Iruñeko deialdia larunbatean izango da, eguerdiko 12.00etan, Arrotxapeako Marcelo Celaieta eta Artika kaleen artean. Izan ere, Africa Unida, Flor de Africa, eh 11Kolore, Karabana Mugak Zabaldu, Papeles y Derechos Denontzat, Iruñea Harrera Hiria eta SOS Arrazakeria Nafarroa elkarteek mobilizazioaren deialdian azaldu dutenez, Minneapolisko gertaerek duela lau urte Iruñeko kaleetan jazotakoak gogorarazi dizkie eta. «Elhadji zen, konorterik gabe eraman zuten polizia-etxera, eta minutu batzuk geroago hilko zen. Minneapolisen gertatutakoak erantzunik gabe geratu ziren galdera guztiak berpizten ditu, eta arrazismoaren aurkako borroka zein premiazkoa, ezinbestekoa eta zeharkakoa den eta erresistentzia-sareak zein beharrezkoak diren gogorarazten digu», dio oharrak.

 «Black Lives Matter»

Donostiako ekitaldia, aldiz, igandean izango da, Boulevardean. Ohar batean, SOS Arrazakeriak azaldu du "Black Lives Matter" lelopean deitutako elkarretaratzearekin «arrazakeria eta Amerikako Estatu Batuetako hirietan ematen den poliziaren bortizkeria» salatu nahi dituzte. «Arrazakeria hau, gainera, herrialde horretako presidenteak berak hauspotutakoa da».

Lelo hori Europarako ere guztiz baliagarria da elkarte honen iritziz, «Europar Batasuneko migrazio politikek milaka pertsonen heriotza dakarte, hauetariko gehienak beltzak, sarrera bide guztiak itxita. Eta hori ere arrazakeria da».

Bilbon, Estatu mailan sortu berri den ekimenak deitzen du mobilizazioa: Comunidad Negra Africana y Afrodescendiente delakoa. Zenbait hiritan aterako dira kalera, eta horien artean Bizkaiko hiriburuan. Goizeko 11.00etan gertatuko da, igandean, Albiako lorategietan, hau da, Entzutegiaren aurrean.