INFO

Hiru hildako eta PCR bidez atzemandako 17 positibo gehiago azken orduetan Euskal Herrian

Azken 24 orduetan beste hiru pertsona hil dira EAEn koronabirusarekin, Lakuako Osasun Sailak eman dituen datuen arabera. PCR frogaren bidez 16 kutsatu gehiago baieztatu dira. Nafarroan positibo bat gehiago atzeman dute.

PCR eta serologia probak. (Gorka RUBIO/FOKU)

Lakuako Osasun Sailak berri eman duenez, astelehenean hiru hildako gehiago zenbatu dira EAEn covid-19 gaitzaren ondorioz, bezperan baino bi gehiago. Pandemia hasi zenetik, guztira 1.577 pertsona zendu dira Gipuzkoan, Bizkaian eta Araba. 

Guztira atzo gaitza atzemateko 2.984 froga egin zituzten, horietatik 2.272 PCR bidezkoak eta 712 test azkar. PCR bidez 16 positibo berri atzeman dituzte, hamar Bizkaian, bost Araban eta beste bat Gipuzkoan. Aurreko egunean detektatutakoen bikoitza dira. Gipuzkoan, azken hogei egunetan izan den lehen kasua da.

Test azkarren bidez 48 kasu atzeman dituzte, aurreko egunean baino 45 gehiago. Proba horrek hartutako immunitatea edo pertsona batek sortutako antigorputzak neurtzen ditu, eta iraganeko infekzio bat adieraz dezake.

Hemezortzi lagunek Zainketa Intentsiboen Unitatean jarraitzen dute, duela 24 orduko kopuru berbera. Hiru pertsona gehiago ospitaleratu behar izan dituzte eta bederatzik alta jaso dute.

RO zenbakia, gaixo batek eragin ditzakeen kutsatu kopurua neurtzen duena, 1,59ra igo da, atzoko 1,19arekin alderatuta eta 1etik gora. Nolanahi ere, Osasun sailburuak garrantzia kendu nahi izan dio eta kutsatu kopurua baxua denean ez dela esanguratsua ziurtatu du.

Nafarroa

Nafarroari dagokionez, astebete baino gehiago daramate hildakorik gabe. Pandemia hasi zenetik 515 pertsona zendu dira.

PCR froga bidez positibo berri bat atzeman dute azken 24 orduetan, guztira 5.336. 

52 pertsona daude ospitaleratuta, aurreko zenbaketan baino bat gutxiago. Horietatik 40 plantan daude (-1), 9 ZIUn (ez da aldaketarik izan) eta beste hiru etxean.

Euskal Herrian, pandemia hasi zenetik, 2.102 pertsona hil dira koronabirusarekin.