INFO

Antonio Vaillo eta Juan Luis Irigaray estudioak diseinatuko du Euskal Museo berria

Arkitektura estudio desberdinei zabaldutako lehiaketaren emaitza ezagutzera eman du Bilboko Euskal Museoak. Irabazi duen proposamenak jatorrizko eraikin historikoari garrantzia ematea biltzen du, klaustroa erakusketa-espazioaren erdigunean kokatuz.

Otsailean egin zuten museoaren erraberritze integralaren aurkezpena. (Raul BOGAJO / FOKU)

Bilboko Euskal Museoan obrak egingo dituzte eta jada aukeratu dute zein estudiok egingo dituen lanak. Hautaketa prozesu baten ostean, Antonio Vaillo eta Juan Luis Irigaray-ren estudioak irabazi du.

Honek aurkeztutako proposamenak museoa kokatuta dagoen lekuaren balioak sustatzea du helburu, Euskal Museotik azaldu dutenez. Horretarako, jatorrizko eraikin historikoari garrantzi nagusia emango diote, XVII. mendeko eraikinaren luzetarako hormarte jarraitua berreskuratuz, 1867ko Miserikordiako Errege Etxearen planoetan ikus daitekeen bezala. Eta, aldi berean, klaustroaren espazio handia duinduz, erakusketa-espazioaren erdigune egingo dute.

Bestalde, Museotik azaldu dutenez, «erakusketa gunean espazio bakoitzak agertoki desberdinak hartzea lortu nahi da. Horrela, narrazioa askotarikoa da eta espazio berean kontakizunen aniztasuna ahalbidetzen du, eta horrek ikusmin handia sortzen du bisitariarengan; izan ere, bisitaria gai da espazioa denboraz lagunduta doala deskubritzeko, ez modu estatikoan, baizik eta kasu honetan murgilkorra dela, elkar eragin dezakeela ulertzen du eta deskubritzeko jarrera aktiboari ekiten dio».

Euskal Museoak emandako pausoak

Une honetara iritsi arte, Euskal Museoak urratsak eman ditu azken urteotan nazioarteko izaera duen museo bat eraikitzeko asmoz. 2016tik 2018ra bitartean, klaustroa egokitzeko esku-hartze bat egin zen: zoladura berritzea, fatxada garbitzea eta eraikinean txertatutako beirazko estalki bat jartzea, piezen kontserbazioa errazteko.

Gainera, urte horretan bertan, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak 5 milioi euroko inbertsioa egin zuten Kurtze eraikina erosteko, egungo museoaren ondoan, Gurutze kalean, gune museistiko-kultural bihurtzeko asmoz. Gaur egun, Museoko bildumaren zatirik handiena kontserbaziorako baldintza egokietan izango duen kanpoko gordailu bat egokituta, erakundeak 413.248 euroko zenbatekoa esleitu berri du lekualdaketa egiteko. Lan horiek ekainean hasi dira, eta gehienez ere urtebeteko epean amaitu beharko dira. Pieza horientzako espazio esklusiboa da, kudeaketa hobetua eta abangoardista ahalbidetzen duena, eta Bilboko Alde Zaharreko eraikin nagusian erabilera publikorako lekua askatuko duena.

Bestalde, lehiaketaren aurretik proiektu museografiko bat idazten lan egin du Bizkaiko erakundeak, eta, horren ondorioz, Aretz Bizia kontzeptupean iritsiko dira proiektua eta museo berria. «Plan horrek mundura irekitako gizarte museo bat sortzen du, eraikinaren birmoldaketa integrala eta erakusketa-diskurtsoaren diseinu berria barne hartzen dituen birplanteamendu funtzionala eta museografikoa bilatzen duena«, zehaztu dute Euskal Museotik. Hori dela eta, erakundeak diziplina anitzeko taldeak eskatu ditu proiektu hautagaiak jasotzeko orduan.