INFO

Guardia Zibil batek Beatriz Etxeberriari eginiko mehatxua salatu dute Bilbon

Guardia zibil batek Beatriz Etxeberria presoari eginiko mehatxuak salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur Bilbon, espainiar Gobernuaren ordezkaritzaren egoitzaren aurrean, Sortuk deituta.

Presoen aurkako mehatxuekin bukatzeko aldarrikatu du Sortuk Bilbon. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Sortuk deituta, elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean Bilbon, Plaza Eliptikoan, espainiar Gobernuak duen ordezkaritzaren aurrean, «Presoen kontrako eraso gehiagorik ez» lelopean.

Kontzentrazio honekin Beatriz Etxeberria presoak eta haren bi urteko alabak guardia zibil batengandik jasandako mehatxuak salatu nahi izan ditu indar abertzaleak.

Etxeratek atzo jakinarazi zuenez, preso bilbotarrari ospitalean egin zikion mehatxuak guardia zibilak; haurrak bi mediku kontsulta zituen eta lehenengoa pasa ondoren eta bigarrenaren zain zeudela, zaintza lanetan zegoen guardia zibiletako batek, pistolan eskua jarri eta honako hitzekin zuzendu zitzaion Etxeberriari: «Zuri eta zure alabari tiro bat emateko gogoa jartzen ari zait».

Etxeberriak medikuari esan zion kontsulta bertan behera uzten zuela, alabaren segurtasuna ezin zuelako bermatu eta jasandako mehatxu eta jarreretatik aldentzeko.

Sortuk atzo salatu zuenez, «erabat larriak eta onartezinak dira» mehatxu horiek. «Estatuko segurtasun indarrek inpunitate osoz dihardute oraindik ere pertsona zaurgarrienen aurka gupidarik gabe jotzen», ohartarazi zuen.

Euskal preso politikoen aurkako mehatxuak, irainak eta laidoak «maiz eta etenik gabe» gertatzen direla gogora ekarri zuen, eta «kasu hau are larriagoa» dela erantsi, izan ere heriotz-mehatxua bi urteko haurrarentzat ere izan baitzen.