INFO

Satorralaia: Iaz aurkeztutako txosten batek Zubieta kalean gertatutakoa aurreikusten zuen

Donostiako Metroaren obrak ekainaren 5ean Zubieta kalean eragindako ezbehar larria dela eta, Satorralaiak lanen erabateko geldiarazpena eskatu du. Gogora ekarri duenez, jada 2019ko otsailean horren arriskuaz ohartarazi zien Lakua zein Donostiako Udalari. Igande honetarako hainbat aldarrikapen ekintza antolatu ditu

Metroaren lanak gelditzeko eskatu dute Udaletxearen atarian. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Satorralaia bizilagunen mugimenduak igande honetarako hainbat aldarrikapen ekintza prestatu ditu Donostiako Metroaren obrak geldiarazteko eta ekainaren 5ean hiriko Zubieta kalean egondako ezbeharra salatzeko. Igandeko ekimenak aurkezteko egindako agerraldian gogoratu duenez, jada 2019ko otsailean Donostia Defendatuz koordinakundeak azpiegitura-lan horrek Donostiako hiri-erdialdeko eta Amara auzoko hareatza-lurren gainean zimendatuta dauden eraikinentzat dakartzan arrisku larrien inguruan ohartarazten zuen txostena aurkeztu zuen.

Txosten horren arabera, «proiektuak erabat ezezagun du hiriaren oinarrian dagoen lurpeko geruza hareatsuaren desegonkortze bat gertatuko dela hareatzan metatzen diren uren filtrazioen eta obrara gertatuko diren ihesen ondorioz, eta hareatzaren desetabilizazio horrek kalte handiak eragin ditzakeela eraikinen egituretan, horiek erortzeko arriskuan jarrita». Hori da, hain zuzen ere, duela bi aste gertatutakoa.

Hondartzaren azpian zulatzen ari diren tunelera ur-filtrazio garrantzitsuak gertatu ziren, eta horrek Zubieta kaleko eraikinaren oinarrian dagoen hareatzako hondarrak berekin eraman zituen, geruza freatikoa desegonkortu eta aldarazita. Ondorioz, etxeari eusten dioten zimenduen azpian zulo sakona sortu zen, eraikinaren «zapata» bat deskaltzatuta.

Gaurko agerraldian, beste behin ere, Satorralaiak metroaren eraikuntza-lan guztiak geldiaraz ditzatela exijitu du eta Espainiako Itsasertzetako Zuzendaritzari Metroaren tunela Kontxako badiaren itsas-azpiko lurpean eraikitzeko eman zuen «kosten baimena» kentzea eskatu dio.

Lakuako Gobernuak Metroaren obrak hiriguneko eraikinetan sor ditzakeen kalteen inguruan ez duela inolako azterketarik egin salatu du.

«Azpimarragarria da, ordea, Zubieta kaleko ezbehar larriaz gain (kalearen 8 zenbakian), Easo kalearen (1 zenbakia) eta Zubieta kalearen (1-E) izkineko eraikinean ere duela zenbait hilabetez geroztik antzeman den desengonkortze estrukturala, etxearen egitura osoa obraren alderantz mugitu baita. Eraikinaren egiturazko desestabilizazio kezkagarri baten seinale da hori. Halaber, obrak hamarnaka etxebizitzetan pitzadurak, arrakalak eta bestelako kalteak eragin dituelako bizilagunen salaketak ugaritu dira azken hilabeteetan», plazaratu du gaur goizean Donostiako Udalaren aurrean egindako agerraldian.

«Donostian Metro bat eraikitzea, obra edonoraino eginda ere, logika ororen eta zentzu komunaren kontra doan zentzugabekeria bat. Makro-proiektu hau zeharo behargabekoa eta xahuketa ekonomiko itzela da», nabarmendu du Satorralaiak.

Hori guztiagatik, igande honetan goizeko 11:30etan aldarrikapen ekintza bat egingo du Kontxako hondartzan. Ondoren, metroaren obretan lan egiten duen langile batek segurtasun falta eta lan baldintzak mahaiganeratuko ditu. Ramon Agirre aktoreak antzezlan bat egingo du eta 13:00etan, «Erokeria gelditu! Metro: Paralización total» lemapean elkarretaratzea deitu du Satorralaiak.