Euskal saskibaloi taldeak, itxaropena eta kontuaren artean zalantzan
«Ez dugu deus egin oraindik», dio Ilimane Diopek; «finaerdietara sailkatzeko aukera teorikorik badugu, heldu egin beharko diogu», jarraitzen du Emur Sulejmanovicek. Kirolbet Baskoniak Bartzelonaren aurkako deman erabaki lezake A multzoko aurreneko postua. Bilbao Basketek, aldiz, Iberostar Teneriferen aurka azken aukera izango du eta Schreiner gabe jokatu beharko du.
Aurreneko fasea erdira iritsiko da igandean euskal taldeentzat, eta finalerdietara begira, sokaren punta banatan daude biak ala biak. Kirolbet Baskoniak hatz puntekin lau onenen artean lekua ikutzen duen bitartean, Bilbao Basketek etxerako bidea gero eta gertuago du. Igandean zer gerta, horra etorkizun hurbilera gerta litekeen horren gakoa.
Hala, 15.30etan RETAbet Bilbao Basketek Iberostar Teneriferen aurka jokatu beharko du. Txus Vidorretarenak ere bilbotarren egoera berean daude, ostiralean Baskoniaren aurka galdu ondoren. Gasteiztarrak, berriz, Bartzelonaren aurka ariko dira 21.30etatik aurrera. Irabazleak ia finalerdietan lekua izango du, baina Ivanovicenen kasuan, deskuidoan galduz gero, Unicajak zer egingo zelatan egon beharko du.
Emir sulejmanovic izaten ari da Bilbao Basketen jokalari onenetako bat Valentziako fase honetan. Bosniako hegal-pibotaren hitzetan, «finalerdietara sailkatzeko aukera teorikorik badugu, horri heltzera jo behar dugu».
«Ezin dugu pentsatu hau amaitzen ari denik. Klubak merezi duen itxura ona emateko gure 100%a eman behar dugu, besterik gabe», gaineratu du Sulejmanovicek.
Penatan onartu du koronabirusaren pandemiak talde bilbotarrari «onenean zegoenean» geratu bear izateak «kalte» egin diola. Hala ere, «aitzakiarik jarri gabe, aurrera begira bizi behar» dutela azpimarratu du.
Horrez gain, bosniarraren aburuz, «taldeak urtean zehar garbi erakutsi du nornahiri irabazteko gauza dela. Beraz, indarrak berreskuratu eta ahalik eta hutsegite gutxien egiten saiatu behar dugu hemendik aurrera».
Thomas Schreiner, min hartuta
Bestalde, Bilbao basketen mediku zerbitzuek jakitera eman dutenez, Thomas Schreinerrek ez du gehiago jokatuko Valentziako azken fase hontan Joventuten aurka lesionatu ostean. Belauna bihurritu zuen antolatzaile austriarrak eta hasiera baten jokatzera itzuli bazen ere, egindako mediku azterketek ezkerreko belauneko alboko lotailu medialean «zaintiratu moderatua» duela argitu dute.
Hala, Alex Mumbruk ezingo du jokalari austriarra hurrengo partidetan erabili, ezta Jaylon Brown eta Arnoldas Kulboka ere, denak lesionatuta daudelako. Ondorioz, Miguel Ruiz 18 urteko antolatzaile bilbotarrak minutu gehiago izan ditzake Jonathan Rousselli atsedena emateko.
Partida bakoitzaren garrantzia
Ilimane Diop izaten ari da Kirolbet Baskonia berri honen pibotik onena, defentsa lanetan bereziki. Ostiralean, Iberostar Teneriferen aurka, errebote bakarra harrapatu bazuen ere, bost txapel jarri zituen eta Shermadini, Bogris eta enparauak oso deseroso sentiarazi zituen.
Dena den, harropuzkeriarik gabe, igande gaueko Barçaren aurkako partida du gogoan Dakarren jaiotako gasteiztarrak. «Oraindik ez dugu ezer egin. Hurrengo aurkaria Euroligako taldea da eta horri eman behar zaio garrantzia, ez orain arte egindakoari», azpimarratu du pibot gazteak.
«Gogor jarraitu behar dugu lanean, gainera datorkigunak hala eskatuko digulako. Pozik nago orain arte egindakoarekin, baina are pozago taldeak lortu dituen emaitzekin. Gehiago ematen ahaleginduko naiz orain», amaitu du Diopek.