INFO

Kantu Jiran elkartu dira berriro Donostian, konfinamenduan ekimena eten ondotik lehen aldiz

Pandemia hasi eta konfinamendu neurriak ezarri zirenetik Kantu Jira ekimena eten egin zen, halabeharrez, herri guztietan. Donostian larunbat honetan egin dute lehen aldiz, Konstituzio plazan. Ez da ohikoa izan, eta jiran baino geldirik egon behar izan dute bertan parte hartu duten ehun lagunek. Maskara jantzita zuten gehienek.

Kantu Jirako lagunak, Konstituzio plazan.

Este navegador no soporta el elemento video.


Kantu Jira hilero egiten dute Donostian, hirugarren larunbatean. Alde Zaharreko Fermin Kalbeton kalean biltzen dira eguerdian –300 lagun inguru– eta bi ordu inguruz kalez kale ibiltzen dira, kantari. Interesa duen orok parte har dezake. 2003. urtean sortu zen ekimena, ‘Euskaldunon Egunkaria’ren itxieraren ondotik, elkartasun moduan. Auzo desberdinetako bizilagunak elkartu ziren, euskal kanta herrikoiak abesteko. Aurrekariak hainbat auzotan eratu ziren kantatzeko taldeak izan ziren.

Covid-19 gaitzaren pandemiaren ondorioz, Kantu Jira eten egin behar izan zuten alarma egoerarekin konfinamendu neurriak ezarri zirenean, baina larunbat honetan berriro itzuli dira kalera. Konstituzio plazan elkartu dira eguerdian ehun pertsona inguru, eta ohiko moduan izan ez bada ere, abesten aritu dira giro ezin hobean. Hori bai, ez dira kalez kale ibili, baizik eta toki berean egon behar izan dute, biribiletan kokatuta, derrigorrezko distantziak mantenduta eta gehienak maskara jantzita zutela. Hamaika abesti kantatu dituzte.

Guk dakigula behintzat, beste herrietan ez dira oraindik ekimenarekin hasi.