Presoen «korapiloa» askatzeko jendartea aktibatzeko deia, Iruñeko espetxera egin duten martxan
Izan Bidea ekimenaren baitan, Iruñeko espetxera martxa egin dute arratsaldean. Preso eta erbesteratuen «korapiloa» askatzeko antolatzeko, saretzeko eta jendartea aktibatzeko deia egin dute, preso, iheslari eta deportatuak etxeratzeko.
Iruñeko espetxera martxa egin dute gaur arratsaldean, Sarek sustatutako ‘Izan Bidea, ibiltarien sarea’ kanpainaren baitan. Sarasate pasealekutik abiatu dira, eta han eserialdia egin dute lehendabizi, mobilizazioa abiatu aurretik, «haserrea adierazteko, sufrimenduari aski dela esateko, salbuespen egoerak asaldatzen gaituela adierazteko; planto egiten diogulako sufrikarioari, urrunketaren erruleta errusiarrari, euskal presoen eskubide urraketei eta estatuen mendeku goseari».
Gaurko ekimen honetan lurrean eseri gara, ez nekatuik gaudela adierazteko, guztiz kontrakoa, protesta egiteko, gure haserrea adierazteko eseri gara, sufrimenduari aski dela esateko, salbuespen egoerak asaldatzen gaituela adierazteko; #IzanbIdea pic.twitter.com/IRuQVapAxW
— Sare Nafarroa (@SareNafarroa) June 20, 2020
Horren aurrean, baina, altxatu egin dira eta «herri bat martxan eta mugimenduan behar dugula adierazi dugu, bidea garelako, preso, iheslari eta deportatuak etxeratuko dituen bidea izan behar dugulako».
Manifestariek bi zutabetan egin dute kartzelarako bidea, salbuespen neurrien aurkako eta presoen etxeratzearen aldeko oihu artean.
Altxa gaitezen, izan gaitezen preso, iheslari eta deportatuak etxeratzeko bidearen parte eta ekar ditzagun behingoz denak etxera!
— Sare Nafarroa (@SareNafarroa) June 20, 2020
Denon artean lortuko dugu! #Izanbidea pic.twitter.com/9Rwx2q4QAD
Bukaeran, Mikel Mundiñanok hartu du hitza. Covid-19 gaitzaren eraginez ezarritako alarma egoerak kartzeletako egoera okertu duela nabarmendu du, eta adibidetzat ipini ditu urruntze politika dela eta indarrean den bisiten debekua, gurasoak ikusi gabe ia hiru hilabete daramatzaten motxiladun haurrak edota gaixotasunaren hedapena ekidin asmoz ezarri diren espetxe barruko neurriak.
Espainiar eta frantziar gobernuei salbuespeneko politika behin betiko bertan behera uzteko eskatu die eta «urgentziazkoa» dela aldarrikatu du. Hala ere, horretarako «borondate politikoa behar da horretarako eta gaur gaurkoz estatuen jarrera ez da norabide horretan kokatzen», deitoratu du.
Horregatik, estatuak mugiaraztea jendarteari dagokiola aldarrikatu du, eta horretarako denon parte hartzea eskatu du.
«Presoen korapiloa askatuko duen bidean elkartu behar gara denak. Herri bat martxan, mugimenduan. Jendartearen aktibazioa beharrezkoa da», adierazi du. Norabide horretan urratsak egiteko «sinetsi eta bide horren parte sentitu behar dugu».
Sareko kideak azpimarratu duenez, preso, iheslari eta deportaturik gabeko etorkizun bati «ateak zabaltzeko antolatu, saretu eta ilusionatu» egin behar da. «Salbuespen neurriak bertan behera uztea eta preso zein erbesteratuen korapiloa askatzea herri, auzo, herrialde zein nazio mailan eginen ditugun harreman eta aktibaziotik etorriko da», ohartarazi du.