INFO

Trumpek etorkinen auzia astindu du momentu txarra gainditzeko

Presidentzialetarako kanpainan bete-betean sartuta, Donald Trump AEBetako presidenteak errefuxiatuek eta etorkinek lan egiteko aukerak gehiago murriztuko ditu. Koronabirusak puztu duen langabezia erabiltzen du aitzakia moduan. Politikoki bizi duen momentu txarra nola edo hala gainditzea da bere helburua.

AEBetako presidentea Arizonara harresia ikustea irten baino lehenago prentsaurrean. (Eric BARADAT | AFP)

Azaroaren 3ko hauteskunde presidentzialei begira, Donald Trump Etxe Zuriko maizterrak urte bukaera arte egoiliar baimen (green cards) gehiago ematen ez jarraitzea erabaki du.

Joan den apirilean, programa 60 egunez bertan behera uzten zuela iragarri zuen eta, oraingoan, etena 2021era arte luzatu du. Green card direlakoek AEBetan era iraunkorrean bizi ahal izateko eskubidea ematen dute.

Are gehiago, oraingoan ere hainbat lanerako baimen (bisak) ez ematea erabaki du, batez ere teknologia berrien arloan lan egitera iristen diren etorkinek eskatzen dituztenak. Urtero 85.000 pertsonei eskaintzen zaie H-1B bisa.

Ez da teknologikoa atzera bota duten baimen bakarra. J bisa, ikasle-ikerlariek erabiltzen dutena, L bisa, nazioarteko konpainien langileen artekoa, H-2B bisa, urtero kualifikazio eskaxa duten 66.000 etorkinei eskaintzen zaiena, eta H-4 bisa, etorkinen bikotekideei onartzen zaiena, guztiak etenda daude datorren urtera arte.

Gobernuak iragarri duenez, 525.000 etorkinei atea itxiko zaie. «Presidentearen lehentasuna amerikarrak lanean jartzea da», ziurtatu du.

Pandemiak eragin duen konfinamenduak eta krisiak langabezia %3,5etik (otsailean) %13,3ra igoarazi du.

Murrizketek ez dute printzipioz eraginik izango dagoeneko AEBetan bizi diren errefuxiatu eta etorkinengan. Baina Trumpen asilo eta migrazio eskubideen jazarpena ez da gaurko kontua. Eta ez da bere horretan amaituko.

Izan ere, Gobernuak baimen eta bisen sistema guztia berraztertuko du «bakarrik kanpoko langile kualifikatuenak onartzeko eta beste lan guztiak estatubatuarren esku uzteko». Asiloa eskatzen duten askoren helburua lan-baimena lortzea dela dio.

Googleko buruzagiak, Sundar Pichaik, bere ezinegona agertu du. «Etorkinegatik ez balitz AEBak ez ziren izango teknologien arloan aitzindari munduan».

Hala ere, Trumpi ez zaizkio gehiegi axola teknologia munduko erraldoien haserrea eta beharrak, are gutxiago Twitterrekin duen ika-mika dela eta.

Sistema guztia berrikusi

Etorkinen aurkako neurri hauek ez dute harrera bateratua jaso Alderdi Errepublikanoaren barruan. Ted Cruzek «erabaki garrantzitsua» txalotu du. Aitzitik, Hego Karolinako senataria den Lindsay Graham oso kritiko agertu da. «Inmigrazio legalak, eta batez ere lanerako bisek, langile amerikarrari kalte egiten diotela uste dutenek ez dute ekonomia amerikarra benetan ezagutzen», ohartarazi du.

Eskubide zibilen aldeko erakundeak (ACLU) argi du «hau ez dela pandemiari edota egoera ekonomikoari erantzun bat (…) Koronabirusa aitzaki moduan erabiltzen ari dira Kongresutik pasa gabe inmigrazio-legedia hankaz gora jarteko», salatu du Andrea Flores bozeramaleak.

Ez da hori sinesten duen bakarra. Covid-19ak eragin dituen 120.000 heriotzek, langabeziaren gorakadak eta arrazakeriaren aurkako altxamenduak zaildu egin diote kanpaina Trumpi, Joe Biden aurkari demokrataren mesedetan.

Horrela, bada, 2016an astindu zuen mamu bera erabiltzea erabaki du magnateak: inmigrazioarena.

Atzo bertan, Arizonara joatekoa zen, Yumara, Mexikoko mugan agindu zuen harresiaren beste 200 milien (320 kilometro) eraikuntza inauguratzera.