INFO

BBK Live UDA internet bidezko jaialdi berezia prestatu dute aurtengo edizio moduan

BBK Livek aurtengo jaialdia datorren urtera atzeratzen zuela iragarri bazuen ere, internet bidezko formula bat asmatu du publikoak bere musika dosia izan dezan. Hala, datorren uztailaren 8, 9 eta 10ean, 21.00etatik aurrera, hainbat kontzertu eskainiko dituzte.

Urtebete itxaron beharko dugu irudi hau berriro ikusteko. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Duela gutxi BBK Live jaialdiak iragarri zuen 2020ko kartela hurrengo urtera atzeratuko zuela, baina publikoa beste urte oso bat zain utzi beharrean, Kobetamendiko esperientzia erreproduzitzeko formula bat asmatu dute BBK Live UDA jaialdia asmatuz. Alegia, ohiko jaialdiaren ordez, internet bidezko kontzertu sorta prestatuko dute.

Uztailaren 9an, 10an eta 11ean, hainbat artista arituko dira –laster iragarriko dute zein izango diren musikari horiek–. Guzti-guztiek egun horretarako berariaz diseinatutako ikuskizunak eskainiko dituzte. Antolatzaileek esan dutenez, «natura bete-betean izango direnez, Basoa gunean egongo bagina bezala sentituko gara, ilunabarrean saio bat entzuten, Arraiz mendiko igoeran behi eta zaldien ondoan ibiltzen, edo egunsentian hiriaren ikuspegiari begira eta Lasai guneko soinu iradokitzaileak entzuten».

Urtero milaka eta milaka bisitari joaten dira jaialdira munduko txoko guztietatik. Aurtengoan, berriz, edukiera mugagabea izango da, eta nahi adina tokitatik disfrutatu ahal izango da.

Guztira 12 musika-ordu izango dira hiru gauetan eta, zuzeneko kontzertuez gain, jaialdiaren hamalau edizioetan izan diren baina orain arte sekula argitaratu ez diren emanaldi historikoak ere eskainiko dituzte.

Uztailaren 8an, 9an eta 10ean 21.00etatik aurrera izango dira emanaldiak, www.bilbaobbklive.com webgunean eta jaialdiaren YouTubeko kanalean.

Emanaldi horrekin batera, Bilbao BBK Live jaialdiaren 2021eko ediziorako sarrerak salgai jarriko dira; artista hauek baieztatuta daude dagoeneko: The Killers, Pet Shop Boys, Bad Bunny, Bicep Live, Bomba Estéreo, Caribou, FKA twigs, Fontains D.C., Meute, Supergrass, El Columpio Asesino eta León Benavente, eta gehiago ere iragarriko ditugu laster.