INFO

Duskorekin, berriz


Ekainaren 15a Sanemeterio da Baskoniazale mordoarentzat, 2010eko Bartzelonaren aurkako Ligako finalean, 3-0koa eta, horrenbestez, txapela ekarri zituen 2+1 ahaztezin hura gauzatu zuelako. Atzokoa –eta Ligako azken fase berezi honetakoa– definitzeko santutegi zabalagoa beharko litzateke akaso, izen asko nabarmendu baitaitezke –saskiratze erabakigarriaren egile Vildoza, Diop erraldoia, Shengelia kapitain handia, Shields, Henry, Polonara, Dragic...–, baina inork gutxik ukatuko du Saski Baskoniak etxeratutako laugarren liga honek Dusko Ivanovicen izena duela grabaturik garaikurrean.

Abenduaren 24an etorri zen Gasteizera, bere bigarren etxera, Josean Kerejetak deituta, taldea erabat noraezean zela, iparra galduta, depresibo... eta galtzaile. Saski Baskoniako presidentea berriz ere «latigoaren» bila joan zela pentsatu zuten gehien-gehienek, taldea irmo jartzeko. Lehenengo agerraldian, Montenegrokoak mezu ezin potenteagoa helarazi zuen: «Badago gustatzen zaidan esaldi bat, ezin egokiagoa une honetarako: ‘Nostalgia eta itxaropena hiltzailerik krudelenak dira’. Errealitatea hiltzen dutelako, oraina. Nik une hau poztasunez eta gogotsu bizi nahi dut. Jende honekin [jokalariak] borrokatu nahi dut, egin beharrekoa ondo egiteko. Horrek bakarrik axola dit: ez iraganak, ezta geroak ere. Bakarrik une honek. Eta espero dut jokalari hauek ere horixe bera egitea». Biharamunean, abenduak 25, Eguberri eguna, taldea entrenatzera deitu zuen. Betiko Dusko. Gasteizen hain ezagun, eta estimatua, den Dusko.

Eta jokalariek ederki ulertu zioten. Latz kostata –lesioena zigor handia izan da–, Baskonia berriz ere Baskonia izaten hasi zen. Defentsatik. Duskok maite duen bezala. Eta Gasteizko bere hirugarren etapa honetako estreinako entrenamendu hartan inori burutik pasatuko ez zitzaiona gauzatzea lortu du: klubarentzat laugarren Liga, 15. titulua. Horietatik, zortzi Ivanovicek gidatuta. 2010eko hura bezala. Orain arte azken txapela zen hura. Gauzak ez dira kasualitatez gertatzen.