ELAk enplegua egonkortzeko prozesuak martxan jartzeko eskatuko die alderdi politikoei
ELAk proposamen bat aurkeztuko die Hego Euskal Herriko alderdi politikoei alor publikoko behin-behineko langileen enplegua finkatzeko. Behin-behineko kontratazioaz gehiegikeriaz baliatu direnei administrazio eta zigor arloetako erantzukizunak egoztea aldarrikatu du sindikatuak.
ELAk proposamen bat aurkeztuko die EAEko eta Nafarroako alderdiei alor publikoko behin-behineko langileen enplegua finkatzeko. Sindikatuak salatu duenez, alor publikoko plantillaren ia %40 behin-behinekoa da, «izan ere, gure agintariek modu sistematiko, egiturazko eta iruzurrezko batez erabili dute aldi baterako kontratazioa, eta horren ondorio zuzena da egun pairatzen dugun tasa kezkagarria».
«Oraingo osasun krisian bizitza ere jokoan jarri duten langile horietatik, milaka dira aldi baterako kontratua dutenak. Alor publikoaren aldi baterakotasun maila %12 handiagoa da alor pribatuarena baino. Egoera hain da larria, herri-langile asko eta asko, erretiroa hartzeko garaian ere, behin-behineko baitira», ohartarazi du ohar batean, eta egoera honi aurre egiteko neurririk ez dela hartu salatu du.
«Premiazkoa da neurriak hartzea, eta horregatik, ELAk proposamen bat aurkeztuko die alderdi politikoei, aldibaterakotasuna pairatzen duten langile guztien enplegua finkatzeko behar diren lege aldaketak susta ditzaten», adierazi du.
Sindikatuak «oinarrizko legeriak administrazio publikoei ezartzen dizkien mugak kentzea» proposatu du, «enplegu eskaintza publikoa egiteko oztopo baitira»; eta enplegua egonkortzeko prozesuak aldarrikatu ditu, «salbuespenik gabe esparru publiko osora hedatzeko betebeharra ezartzea» ere eskatu du.
Halaber, prozesu bermatzailea izatea babestu du, «behin-behinekotasuna pairatzen duten langileen lanpostuak finkatzeari begirakoa». «Esandako prozesuak abiarazi ezean, administrazioek, kontratuak amaitutzat jotzean, 45 eguneko kalteordaina eman beharko diote kaleratutako langile bakoitzari lan egindako urte bakoitzeko. Horrela kontratazioan aldi baterakotasunaren abusuz jokatzea zigortuta egongo dela ziurtatuko da», nabarmendu du.
Azkenik, «behin-behineko kontratazioaz gehiegikeriaz baliatu direnei, administrazio eta zigor arloetako erantzukizunak egoztea» proposatu du.
Hedapen-kanpaina
ELAren ustez, «egungo egoeran, euskal alderdi politikoek Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari, Euskal Funtzio Publikoko legeari edo Estatuko Aurrekontu Orokorren Legearen aldaketa bati, aldi baterako enplegua finkatzeko mekanismo eraginkorrik txertatu ezean, babesa ematea onartezina litzateke».
Hedapen kanpaina bat abiaraziko du sindikatuak, proposamenari egindako ekarpenak jasotzeko eta mobilizazioa bultzatzeko. «Horrela, gure erakundeak behartu nahi ditugu alor publikoko aldi baterako milaka langileren enplegua behingoz egonkortzera, eta aldi baterako kontratazioaren gehiegizko erabilera alde batera uztera», azaldu du.