INFO

Peña II.ak eta Martijak sekulako mailan jokatu dute Irunen ezustekoa emateko

Olaizola II.a eta Zabaleta faboritoei 20-22 irabazi diete 70 minutu eta 624 pilotakadako neurketa gogorrean. Defentsan erakutsitako sendotasuna erabakigarria izan da garaipena lortzeko.

Jon Ander Peñak partida bikaina jokatu du Irunen (FOKU)

Peña II.ak eta Martijak Caixabank Masterseko lehen ezusteko handia eman dute asteazken gauean Irunen. Olaizola II.a eta Zabaleta faboritoei 20-22 irabazi diete Oinatz Bengoetxearen ordez sartu den aurrelari gazteak eta Etxeberriko atzelariak.

Aurkezpen egunean Olaizolak eta Zabaletak osatutako bikotea jo zuten pilotari gehienek faborito nagusi moduan, baina Uranzu pilotalekuan argi ikusi da izerdia majo bota beharko dutela garaipena lortu nahi badute.

Neurketa hasiera kaxkarra egin dute gorriek, batez ere Jose Javier Zabaletak. Urdinen aurreneko bost tantoetatik lau Etxarrengo atzelariak galdutako pilotak izan dira, baina hala ere, gai izan dira aurkariei markagailuan ihes egiten ez uzteko.

Hori bai, pilota dezente galdu arren, Zabaletaren pilotakadek abiadura berezia izan dute gaur ere, eta aukera asko eta onak sortu dizkio Aimar Olaizolari errematerako. Goizuetarrak ere ez du ordea bete-beteko neurketa jokatu eta kostatu egin zaio tantoa amaitzea.

Horretan zer ikusi handia izan du urdinen defentsa bikainak. Pilotalekuaren ezaugarriek lagunduta -eraberrituta dagoen arren Uranzuk frontoi altua eta luzea izaten jarraitzen du-, Peña eta Martija ikusgarri egon dira defentsan.

Bereziki aipatzekoak Julen Martijak atzeko koadroetatik eraman dituen hiruzpalau pilota, eta denetan ikusgarriena 11-15ekoa lortzeko ia erreboteko jende artetik eraman duena lehenik ondoren aurrean dejada harrapatu eta tantoa berak egiteko.

Jon Ander Peña ere oso txukun ibili da defentsan, eta baita erremateetan ere edota sakearekin ere. Punta-puntako ia lehen estelarra zen beretzat Irungoa eta bikain erantzun du tolosarrak.

Bertute horiei guztiei zukua aterata, 11-16 eta 16-20 aurreratu dira markagailuan, baina gorriek oraindik ez zuten azken hitza esana. Serio lanean jarraituz, 20-20ko berdinketara iritsi dira, eta puntua kale edo bale jokatzeko garaiz zen oraindik.

Hurrengo tantoan, ordea, Aimarrek kale handi samarra egin du aurreko zuloan eta Peñak azkar itxi du norgehiagoka sakez egindako laugarren tantoarekin.