Gipuzkoako erizainek arduraz jokatzeko eta maskara erabiltzeko deia egin diete herritarrei
Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialak (COEGI) deia egin die herritarrei kalera irteten direnean «ez erlaxatzeko», erantzukizunez jokatzeko eta maskara erabiltzeko, koronabirusaren agerraldi gehiago egon ez daitezen.
Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialak (COEGI) oharra kaleratu du, Ordizian izan den agerraldiaren ondoren herritarrei erantzukizunerako deia egiteko.
Hala, kalera ateratzerakoan «ez erlaxatzeko» eta maskara erabiltzeko eskatu diete gipuzkoarrei, «neurri hori ezinbestekoa baita guztion osasuna bermatzeko eta Ordizian izandakoa bezalako agerraldiak saihesteko».
«Haurrez osatutako gizarte gisa jokatzeari utzi behar diogu, non badirudien bakoitzak atzetik poliziakide bat izatea behar dugula. Gipuzkoarrok solidarioak eta arduratsuak izateko ospea dugunez, hala dela erakusteko garaia da, eta ohar gaitezen maskara erabiltzearena ez dela inposaketa bat, baizik eta daukagun gaixotasun sozialari aurre egiteko norbanakoaren betebehar bat. Norbanako arduratsu gisa jokatu behar dugu, gizartea baita arriskuan dagoena», nabarmendu du Pilar Lekuonak, COEGIko lehendakariak.
Azaldu duenez, erizain askok adierazi diote Elkargoari «kezkatuta eta haserre» daudela Gipuzkoan azken asteetan ikusitako jarduera eta irudi jakin batzuk direla tarteko. Erizainek «kontzientzia sozialaren» aldarria egin dute, eta maskara eraman beharra nabarmendu dute, «egoerak okerrera egin ez dezan».
«Erizainek etengabe adierazten digute zer-nolako kezka sortzen dieten herritarrek dauzkaten jokabide indibidualek. Batzuek, gainera, bizi izandako guztiaren ondoren akituta daudela adierazi digute; akituta, fisikoki zein emozionalki», esan du.
Horregatik, Gipuzkoako 5.400etik gora erizain elkargokideren izenean, COEGIk herritarrei dei egin die «jokoan zer dagoen argi izan dezatela, arduraz joka dezatela, eta osasun gomendio guztiei jarrai diezaietela».
Gipuzkoa Estatu osoan maskara gutxien erabiltzen den lurraldea dela gogoratu dute. «Gipuzkoan birusak beste lurraldeetan baino ‘kolpe txikiagoa’ eman duenez, jendea nahiko erlaxatuta dagoela iruditzen zaigu. Baina hemen ere egoera larria izan da, eta birusa gure artean dago oraindik», ohartarazi dute.
«Txaloek, omenaldiek eta aintzatespenek ez digute ezertarako balio gero herritarrek maskara eramaten ez badute, hori baita kutsatzeak saihesteko metodorik onena», insistitu du Lekuonak.