INFO

II. Euro Basque Rugby Challenge txapelketa 2021era atzeratu dute

Euro Basque Rugby Challenge txapelketako antolakuntza batzordeak erabaki du lehiaketaren bigarren edizioa 2021ko abuztura atzeratzea, gaur egun bizi den covid-19aren pandemia egoera dela eta.

Aviron eta Hernani, Euro Basque Challenge txapelketako lehen edizioan. (Iñigo URIZ/FOKU)

Akitania Berriko, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eta Nafarroako errugbi taldeen egoera eta errugbi lehiaketei normaltasunez ekiteko epe motzeko aurreikuspenak aztertu ondoren, antolakuntza batzordea osatzen duten hiru federazioek erabaki dute Euro Basque Rugby Challenge txapelketaren bigarren edizioaren antolaketa –abuztuan eta irailean ospatzekoa zen– 2021eko abuztura atzeratzea, lehiaketa bultzatzen duten erakundeekin bat etorriz.

Bigarren edizioan Bidasoaren bi aldeetako errugbi talde esanguratsuenek hartuko dute parte, bai gizonezkoetan bai emakumezkoetan, 2019an hasitako txapelketari jarraipena emanez.

Azkenik, antolakuntzak eskerrak eman dizkiete Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen eta Lakuako Gobernuaren aldetik une oro jaso duten babesagatik. «Laguntza horri esker, mugaz gaindiko errugbi proiektu bat eraikitzen jarraitu ahal izango dugu», ziurtatu dute.

Lehen edizioko irabazlea Baionako Aviron izan zen, 2019ko irtailean Biarritz Olympique taldeari irabazi eta gero.