INFO

‘Etxean egina’ ikerketa deialdia ireki du Uharte Zentroak

Etxetik egin daitezkeen ikerketa eta ekoizpenetarako bi hilabeteko hiru egoitza eskaintzen ditu Uharte Zentroak, Nafarroan bizi diren artistei zuzenduta. Jarraipena telematikoki egingo da eta proiektuak 2020ko azarorako egon beharko du prest.

Uztailaren 30era arte aurkeztu daitezke proiektu proposamenak. (NAIZ)

Uharte Zentroak bizi dugun egoerara egokitu eta etxetik egiteko modukoak izan daitezkeen ikerketa eta ekoizpenei bideratutako deialdia ireki berri du. «Ezagutzen genuen gorputz, gizarte, ekonomia eta lan paradigma nabarmen aldatzen ari den une honetan, Uharte Zentroak aukera eman nahi die, hainbat arrazoi direla medio, lantokia etxean izan behar dutenei, etxetik mugitu ezin direlako edo etxetik joan nahi ez dutelako», azaldu dute zentrotik eta, hala, Etxean egina’ programaren bidez bi hilabetetako hiru egoitza eskainiko dituztela iragarri dute zentrotik.

Lanak edo azterlanak Uharte Zentroko laborategian egiten ez badira ere, komunikazioa eta jarraipena telematikoki egingo direla azaldu dute eta, behin egoitzak amaituta, egindako lanen aurkezpen publikoa egingo da, egoeraren arabera, aurrez-aurreko formatuan edo on-line eredua jarraiki.

Egoitza programa Nafarroan bizi diren pertsonei zuzenduta dago eta «etxetik ikerketa-prozesu bat garatzeko interesa duen edozein esparrutako artistei» zuzendua dagoela zehaztu dute. Zentroak 1.300 euro (atxikipenak barne) eskaintzen ditu ordainsari gisa eta 700 euro produkzioan egoiliar bakoitzarentzat. Uharte Zentroko taldearen laguntza ere jasoko dute artista hautatuek.

Deialdira aurkezteko epea uztailaren 30ean amaituko da eta hautapenaren berri gehienez ere deialdia itxi eta hilabetera emango dela ziurtatu dute zentrotik. Artista hautatuek 2020ko azaroa aurretik bukatu beharko dute proiektua.