INFO

Trumpek berriro gutxietsi du koronabirusa, nahiz eta kutsatuak 3,7 milioitik gora diren AEBetan

Donald Trumpek pandemiaz egin duen kudeaketa defendatu du eta berriro garrantzia kendu dio koronabirusari, nahiz eta AEBetako ia estatu guztietan kutsatu kopuruak gora egiten jarraitzen duen. 3,7 milioi pertsonatik gora dira dagoeneko.

Donald Trump, joan zen ostegunean. (Jim WATSON/AFP)

Fox News telebista katean egin dioten elkarrizketan, Donald Trump AEBetako lehendakariak covid-19 gaitzari garrantzia kendu nahi izan dio berriro ere, pandemia hasi zenetik egin duen bezala. 3,7 milioitik gora pertsona kutsatu dira dagoeneko, eta ia estatu guztietan gora egiten ari da positibo eman dutenen kopurua. Hala ere, Trumpek test gehiago egiteari egotzi dio kutsatuen gorakada, nahiz eta adituek dioten positibo kopuruak testen hazkundea gainditu egiten duela. Hildakoak 140.377 dira, Johns Hopkins unibertsitatearen azken kontaketaren arabera.

«Kasu horietako asko momentuan sendatzen diren gazteak dira, hotzeria besterik ez da», esan du. Anthony Fauci gaixotasun infekziosoetan AEBetako aditu nagusiarentzat ere kritikak izan ditu, estatuen mugak irekitzearen aurka agertu delako maiz.

«Alarmista xamarra da, gogoratu behar dugu hasieran erratu egin zela, maskarak gomendatu ez zituenean», adierazi du. Ukatu egin du, hala ere, Etxe Zurian mediku horren aurkako kanpaina abiatu dutenik.

Komunikabideek koronabirusaren krisiari egiten dioten jarraipena ere izan du hizpide agintari estatubatuarrak, eta Mexikoren egoerari erreparatzeko esan die kazetariei, AEBek milioi biztanleko Mexikok dituen kasuak hirukoiztu egiten dituzten arren.

«Zergatik ez dute Mexikori buruz hitz egiten? Ez da guri ezer laguntzen ari. Jainkoari eskerrak ia horma osoa eraiki nuen, hormarik izango ez bagenu Mexikorekin askoz arazo handiagoa izango genuke», erantsi du.

Trumpek azaroko hauteskundeei buruz ere hitz egin du, eta beste batzuetan egin bezala oraingoan ere ez du erantzun nahi izan Joe Bidenek irabaziko balu emaitza onartuko lukeen. «Ikusiko dut, ez dut baietz esango». Posta bidezko botoak hauteskundeak «manipulatu» egingo ditu eta iruzurra ahalbidetuko du bere ustez. Inolako frogarik izan gabe egin ditu akusazioak, ohikoa duen moduan.