‘Gogoaren indarra’, Aritz Adurizen ibilbidearen kondaira
Athleticen ikur bezala agur esan dio futbolari aurrelari donostiarrak 39 urterekin. EITB-k ekoizturiko ‘Gogoaren indarra’ dokumentalean Aritz Adurizek kirol ibilbidean izandako gorabeherak azaltzen ditu, ondoan izan dituen lagun eta senideekin batera, asko gozatu duela nabarmenduz.
Aritz Adurizen izena hizki larriz azpimarraturik geratuko da Athleticen zaleen oroimenean. Lortutako gol bikainak eta bizitako ibilbide malkartsua kontatuko dizkiete ziur asko belaunaldi berriei. Horretarako aproposa da EITB-k ‘Aritz Aduriz, gogoaren indarra’ izenburupean egindako dokumentala. Bertan donostiarraren familiak eta ondoan izan dituen hainbat lagunek nolakoa den azaltzen dute. Gurpegi, Iraola, Iñigo Velez de Mendizabal, Gabilondo, Asier Goiria, Williams, Iñigo Martinez, Valverde, Josu Urrutia, Zornotzako zale taldea edo Jone Goirizelaia abokatu eta politikaria dira egitasmoan parte hartzen dutenetako batzuk.
Txikitatik kirola egiteko dohaiak zituela nabarmentzen dute Adurizen gurasoek. Mendizaleak izanik astebururo bidaiatzen zutela edo iraupen eskian nola murgildu ziren, baina semeak bereziki baloiarekin jokatu nahi zuela etengabe. Aurrelari donostiarrak aipatu izan du familian ez zirela futbol zaleak, baina kirolzaletasuna eta naturarekiko errespetua barneratzen irakatsi ziotela.
Iraolak gogora ekartzen duenez, Aduriz bere kabuz motorrean joaten omen zen Antiguokorekin egiten zituzten entrenamenduetara. Gazte mailako Kopako finalerdietara iritsi ziren talde donostiarrarekin eta, Athleticen ordezkari bezala, Valverde ikustera joan zen. Iraola zen beraien helburua baina txundituta geratu ziren Adurizen mailarekin. Hortik, Gasteizko Aurrera taldera joan zen eta gero Lezamara. Lehen taldearekin debuta egitea lortu arren, ezin lekurik egin eta irtetzeko erabakia hartu zuen. Ezaguna da bere ibilbidean izandako gorabeherak. Oztopoak gainditzen ikasi izan du eta horrek gero eta jokalari hobea bilakatu du.
Bilbao Athleticen entrenatzaile izandako Carlos Terrazasekin joan zen Burgosera. Gol mordoa egin, konfiantza berreskuratu eta Bigarren Mailan zegoen Valladolidera joan zen. Sekulako maila eman eta Athleticek neguko merkatuan fitxatzea erabaki zuen. Erabakigarria izan zen bi urteko beltz hartan taldeak maila ez galtzeko. Jokalariek gogora ekartzen dute nola sufritu zuten garai horretan eta ez zirela etxetik irtetzen.
Ezustekoan harrapatu zituen taldekideak, Athleticen zuzendaritza batzak Mallorcara saltzea erabaki zuenean. Ez zutela ulertzen onartzen dute jokalariek. Atzera pausu bat eman zezakeenak, indarrak hartu eta goraka salto. Aduriz Ligako golegile onenen pare aritu zen, hortik Valentziara Txapeldunen Ligan aritzeko eta Estatu espainiarreko selekzioarekin debuta. Ahaztu gabe euskal selekzioarekin gol gehien egin dituen jokalaria dela.
Umiltasuna, nortasuna, konfiantza eta gozamena
Josu Urrutia Athleticeko lehendakaritzara iritsi zen 2011n eta argi zeukan Aduriz taldera bueltatzea nahi zuela. Horrela egin zuen, urtebete aurretik hitza eman ostean. 31 urterekin bazirudien erretiroa hartzeko zorian zegoela, baina horren ordez marka guztiak apurtu eta Athleticen historiako golegile esanguratsuenetako bat bilakatu da. Azkar konbentzitu zuen bere fitxaketa eskatu ez zuela esan zion Marcelo Bielsa eta Valverderekin eztanda egin zuen.
Argi dago, Adurizek hutsune handia utziko duela Athleticen aldagelan, zale zuri-gorrien bihotzetan eta futbol jarraitzaile guztien artean. Golak egiteko zuen erraztasunaz gain nortasun handiko jokalaria izan baita. Lehiakorra eta lider bat zelai barruan zein kanpoan. Hala ere, badago familiari eta berari entzunda utzitako beste irakaspen bat. Zoriontsua izan dela nahi duena egiten eta asko gozatu duela. Hurrengo belaunaldiei kontatu beharreko istoria.
Ziur asko azken sasoian egindako gol ikusgarri horiek ezinezkoak izango lirateke, berak onartzen duen bezala, huts egiteko beldurra izan balu. Bartzelonaren kontrako azken gola, Superkopa irabazteko egindakoak, Marsellan sartutakoa, Napoliren kontrakoak, Genk taldearen aurkako gau ahaztezin hartan lortutako bostak, Adurizena penaltia golf kolpe batekin asmatutakoa,... Eguneroko lana, konfiantza eta amore ez ematea, ametsak egi bihurtzeko bidea.