Iruña-Veleia «argitzearen» aldeko gose greba hasi da Gasteizen
Iruña-Veleiako grafitoak faltsutzat jo dituen epailearen ebazpena «eskandaluzkoa» dela diote gaur eguerdian gose greban jarri diren pertsonek. Gasteizen egindako agerraldian, hainbat eragilek muturreko ekimen honi emandako atxikimenduaren berri eman dute. Eliseo Gilen babesik ez dute jaso, ordea.
Ia hamalau urteko ibilbidearen ostean, Arabako Iruña-Veleiako auzia amaierara heldu zela uste zutenek oker zeuden. Ekainean epaileak grafitoak faltsutzat jo zituen, eta hiru zigortuen aurkako ebazpena, iruzur eta ondarea hondatzeagatik, ez da irmo izango aurkeztu diren bi helegiteak aztertu arte.
Gaur eguerdian, auzi korapilotsu honen beste itzuli batean, Gasteizko Aiztogile kalearen 73n, Kutxin, «Iruña-Veleia argitzearen aldeko» gose greba hasi dela iragarri da. Bost lagun hartuko dute parte bete-betean edo txandaka –80, 60 eta 30 urteko partaideak dira– gose greba mugagabe honetan. ‘Iruña-Veleia argitzearen aldeko gose grebalarien’ egitasmoak, horrela deitzen baita gose greba bultzatu duen plataforma, uste baitu «datazioak egin artean ez dela justizia egingo».
Arabako epaitegian egin zen epaiketa «eskandaluzkoa izan da», aipatu dutenez «benetakotasunaren aldeko bide guztiei ateak itxi zaizkielako eta grafitoak faltsuak direla esateko erabili duten IPCE-Instituto Patrimonio de Cultura Españolen analitikak inolako berme zientifikorik ez duelako», haien ustetan. Laborategia «ez da inpartziala izan», teknikariak «ez du inoiz grafitoen dataziorik egin, hau da, ez du inolako eskarmenturik arlo honetan» eta «grafitoak faltsuak ez zirela zioen beste txostena (Antelo) ez dute epaiketan aztertu, horren egilea ez zen epaiketara joan eta epaileak ez du kontuan hartu».
Aipatu dutenez, «gose greba Eusko Legebiltzar berriari gai hau bide zientifikotik bideratzeko eskatzeko da, datazioen eta kata kontrolatuen bidez eta horrez gain grafitoak babesteko eta ez suntsitzeko eskatzeko».
Eliseo Gilek eta Lurmenek, Iruña-Veleiako arduradun-ohiek, ez diote babesik eman nahi izan gose grebari eta, are gehiago, atzo argitaratutako ohar batean, «erabat desegokitzat» jo dute. «Auzia zientziaren bidetik argitu beharrarekin» bat datozela, baina erantsi dute horrek ez duela «inola ere» justifikatzen inork osasuna eta bizia arriskuan jartzea.
Gose grebalariek ulertu nahi izan dute Eliseo Gilen oharra. «Eliseoren gizatasun maila handia ikusten da, faltsugile bat izan balitz ez gintuelako atzera bota nahi izango –esan zuten–. Ez du nahi inor bere alde jartzeagatik txarto paratzea eta eskertzen diogu. Baina ez da bakarrik Eliseogatik, euskeragatik eta ondareagatik ere egiten dugu hau», adierazi zuten.
Aurkezpenean kultur arloko eragile ezagun batzuk egon dira euren babesa adierazteko, esaterako Jose Antonio Villar (Ez dok hamairuko sortzaileetako bat), Pako Aristi idazlea, Nekane Jurado ekonomilaria, Arkaitz Estiballes bertsolaria, Josu Naberan idazlea, Guillermo Perea eta Antton Erkizia.
Horiez gain, eta aipatu dutenez, euren atxikimendua adierazi diete Andoni Egañak, Jon Maiak, Onintza Enbeitak, Oihane Pereak edo Iñaki Viñasprek.