Mendigorrian D eredua izan ahal izateko epaitegietara jo dute gurasoek eta Behatokiak
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian aurkeztu dute errekurtsoa Mendigorriko gurasoek eta Behatokiak, bide judizialari bide emanez. Nafarroako Gobernuaren jarrera horretara behartu dituela adierazi dute. Horrek ekarriko dituen gastu ekonomikoei aurre egiteko, ‘Mendigorriko Euskararen Hazia’ diru bilketarako kanpaina abian jarri dute.
Bide administratiboa agortuta, judizialari ekitea erabaki dute Mendigorriko gurasoek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. Datorren ikasturtean herriko Julian Maria Espinal Olcoz ikastetxean D eredua ez duela jarriko erantzun baitu Nafarroako Hezkuntza Departamenduak.
Hain zuzen ere, Mendigorriko gurasoek eta Behatokiak herrian D eredua ezartzeko oztopoen kontrako gorako errekurtsoa aurkeztu zuten ekainean, Hezkuntza Departamenduan bertan. San Fermin egunez iritsi da erantzuna: datorren ikasturtean Mendigorrian D eredua ez dela jarriko dio Nafarroako Hezkuntza Departamenduak.
Hori dela eta, administrazio bidea agortu, eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusira jo behar izan dute Mendigorriko gurasoek eta Behatokiak. «Administrazio bidean eman zen azken pauso horrek ere erantzun negatiboa izan du», zehaztu du Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak. «Beraz, Nafarroako Gobernutik ez dituzte beharrezko neurriak hartuko datorren ikasturtean haur horiek beraien zentroan euskarazko ereduan ikas dezaten. Honen aurrean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian prozedura judizialari bide eman behar izan diogu».
Nafarroako Gobernuaren babesik gabe
Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariarekin bildu ziren Behatokia eta Mendigorriko guraso talde bat ekainaren 23an, gorako errekurtsoa jarri ondoren, eta herriko ikastetxean D lerroa irekitzea 2021-2022 ikasturterako aztertuko zutela adierazi zien kontseilariak. Hau da, aurtengo irailean Mendigorrian D eredurik ez zela izanen adierazi zien, eta hurrego ikasturteetan zer gertatuko ikusteke zegoela. Hezkuntza Departamenduaren uztaileko erantzun ofiziala ildo beretik doa, beraz, Gimenoren ezezkoa berretsi baitu, hurrengo ikasturteetarako ere bermerik eskaini gabe.
«Nafarroako Hezkuntza Departamentuak Hezkuntza Mapa erabiltzen du berriz ere aitzakiatzat, dekretu horretan Mendigorriko zentroari ez dagokiola D eredurik esanez», adierazi du Gaubekak. «Dekretu horretan ezarritako hezkuntza mapak, ordea, ezin du izan oztopo 18/1986 Foru Legean eremu mistoko ikastetxeentzat ezarritakoa betetzeko. Eremu mistoan euskarazko lerroa eskariei kasu eginez irekiko direla esaten baitu legeak, beste zehaztasunik gabe. Beraz, Foru dekretua ezin da muga izan herritar hauen eskubideak egikaritzeko».
Horregatik, «alde batetik, Euskararen Legeak (18/1986 legeak) eremu misto zein ez euskaldunean ez ditu beharrezko neurri bermatzaileak ezartzen euskarazko ikasketa prozesua norbere herriko zentroan egin ahal izateko. Oso lausoa da eremu horietan herritarren hizkuntza eskubideei eskaintzen zaien babesa. Eta, bestetik, Europako Eskualdeetako edo Gutxitutako Hizkuntzen Gutunean jasotako printzipioak behin eta berriz urratzen dira Nafarroan. Izan ere, Europako Gutunean adierazten den bezala, botere publikoek beraien politika, legedia eta praktikak, gutxitutako hizkuntzak sustatzeari begira jarri behar dituzte, eta beharrezko medio egokiak jarri beharko lituzkete hizkuntza hauen ikasketa bermatzeko». Hortaz, «guretzat argi dago Nafarroako herritarren hizkuntza eskubideen errespeturako lege babesa ez dela nahikoa, botere publikoek era murriztailean interpretatzen jarraitzen dutelako».
Ondorioz, Mendigorriko mugak gainditzen dituen auzia ere badela uste du Gaubekak. «Epaitegi honetan jarritako errekurtsoaren bidez, Mendigorriko haurren eskubide eta herriaren beraren etorkizunaz gaindi, Nafarroako herritar guztien eskubideak bereizkeriarik gabe bermatzeko eskatzen ari gara».
‘Mendigorriko Euskararen Haziak’ kanpaina
D ereduaren aldeko borroka luzea bezain malkartsua izaten ari da Mendigorriko gurasoentzat. 2015. urtetik ari dira borrokan Julian Maria Espinal Olcoz ikastetxe publikoan D eredua zabaltzearen alde. Urte hauetan guraso batzuek haurrak Garesera eraman behar izan dituzte egunero D ereduan ikasi zezaten, horrek dakarren guztiarekin. Eta orain, gainera, bide judizialak ekarriko dituen gastu ekonomikoei ere aurre egin beharko diete.
Hori dela eta, bide judizialak ekarriko dituen gastuei aurre egiteko, ‘Mendigorriko Euskararen Hazia’ ekimena jarri dute martxan: 5 euroren truke, petunia lorearen hazia duen lorontzi bat erosi ahal izanen dute herritarrek, eta ureztatu ahala loratuko da. Azken finean, Mendigorriko gurasoek behar dutenaren metafora soil baina zuzena da: euskaldun guztion bultzada eta zaintza behar dute gurasoek euskara Mendigorrian ere loratu dadin.