INFO

Xistor Haranbururen askatasuna eskatzeko mobilizazio zabala Senperen

Senpereko bi sarrera-irteera nagusietan dauden biribilguneetan bildu dira 350 lagun Xistor Haranburu herrikidearen askatasuna eskatzeko. Bakebideak, bakegileek eta Euskal Elkargoko lehendakaria den Jean-René Etchegaraik, fiskaltza antiterroristaren jarrera gaitzetsi eta «Parisek Euskal Herriaren hitza entzun behar» duela aldarrikatu dute.

Senpereko biribilgune nagusiak peto urdinaz zituzten manifestariekin bete dira. (H.L.)

Este navegador no soporta el elemento video.


Espetxean 30 urte daraman Xistor Haranburuk espetxean jarraitu beharko du, epailearen iritziaren kontra, fiskaltza antiterroristak senperetarra baldintzapeko askatasunean ateratzeari errekurtsoa ezarri baitzion ostiral arratsaldean. Erabaki horren aurrean Bake Bideak eta bakegileek deituta 350 lagunek bi elkarretaratze egin dituzte Senpereko biribilgune nagusietan «hil arteko zigorrik ez, 30 urte aski da!» goiburua zuten pankartekin.

Goizeko hamaiketan hasi dira bi elkarretaratzeak. “Xisterra” biribilgunean kostaldeko herritarrak batu dira, 150 lagun inguru, eta “Netto” saltegiaren ondoan dagoen bidegurutzean, ostera, barnealdeko herritarrak bildu dira, beste 200 lagun inguru.

Horrela, bakegileen peto urdinekin eta euskal presoen Euskal  Herriratzea eskatzen zuten afixekin errepide ertzak manifestariz bete dira.

Mobilizazioak iraun duen ordu erdian, biribilguneetako sarrera-irteeretan ziren bakegileek ehunka esku orri banatu dizkiete auto gidariei eta mobilizazioaren nondik norakoak ere azaldu behar izan dizkiete jakin minez galderak egiten zizkieten turistei.

Artean, mobilizazioaren antolatzaileek eta ordezkari politikoek ere nahikoa lan izan dute bertaratu diren komunikabide desberdinei erantzuten.

«Fiskaltza beste behin ere epailearen kontra agertu da, eta orain Dei Auzitegiari dagokio erabakia hartzea, guk eskatzen dioguna da zentzuz jokatzeko», nabarmendu du Jean-René Etchegarayk, Euskal Elkargoko lehendakariak.

2011an abiatu zen bake prozesuak «2020an oztopoak izatea onartezina» dela azaldu du lehendakariak eta fiskaltzaren jarrera gaitzetsi du. «Ez ote dugu arazo bat justizia frantsesean?»,  galdegin du, eta zera salatu du, «badirudi badirela pertsona batzuk fiskaltzan euskal presoen gaiaren inguruan begiak itxi nahi dituztenak».

Bestalde, mobilizazioaren antolatzaileek zein euskal presoaren defentsak, Sud Ouest egunkariak plazaratu duen informazio bat gezurtatu dute, zeinaren arabera, Xistor Haranburu abuztaren 6an baldintzapeko askatasunean aterako litzatekeen eskumuturreko elektronikoarekin. 

Aitzinatzeko estrategia berri bat

Mobilizazioaren amaieran Anaiz Funosasek hartu du hitza eta Senperen etxea duen Bruno Le Maire, frantziar Ekonomia ministroari zuzendu zaio: «hemen, zure etxetik gertu, bada sufritzen ari den familia bat» gogoratzeko.

Gaurko egoera «erabaki politiko ezaren ondorioa dela» agerian utzi zuten mobilizazioko deitzaileek.

«Mendeku begiradek gain hartu» duten egoeraren aurrean, estrategia berri bati ekiteko beharra azpimarratu du Funosasek, baina argitu duenez, «ez bideari berriro ekiteko, bide hori oztopatzen duen horma hausteko baizik».

Jarraian hitza hartu duen Mixel Berhokoirigoin bakegilea ere antzerako mintzatu da. Eric Dupond-Moretti, Frantziako Justizia ministro berriari zuzendu dio mezua: «Giza eskubideen ministroa izango zela iragarri zuen, bada hemen, preso baten eskubideak ez dira errespetatuak».

«Prozesuan sinesten dugu eta berau elikatzen jarraituko dugu bidean suertatzen diren traba guztien gainetik», gehitu du, eta bake prozesuan aurrera egiteko presoen gaia lantzeak duen garrantzia azpimarratu du bakegileak.

Horregatik, irailaren 19an egingo duten mobilizazioaren antolaketan parte hartzera deitu ditu herritarrak.

Amaitzeko, Xistor Haranbururen familiaren partez mezua pasa du Berhokoirigoinek, alegia, mobilizazioan parte hartu dutenak gonbidatuak zirela Senpereko Ostikenea ostatuan trago bat hartzera, eta ostatuaren izenak duen jatorriari erreferentzia eginaz honako esaldiarekin eman dio amaiera hitzartzeari: «Jaso dugu ostikoa, baina emanen dugu ere».