INFO

Kultura Eskola katalogorako proposamenak aurkezteko epea zabalik, irailaren 15era arte

Irailaren 15era arte egin ahalko dira katalogoa osatzeko ekarpenak. Bildutako proposamenak aztertu eta baldintzak betetzen dituzten horiek jasoko dituzte ikastetxeetara bidaltzeko asmoz. Hala, irakasleek horien zerrenda izango dute baliabide gisa erabili dezaten.

Kultura Eskolaren deialdia ostiralean aurkeztu zuten Donostian. (NAIZ)

Gipuzkoako Kultura Departamentuak eta Euskal Herriko Unibertsitateak Kultura Eskolaren katalogorako proiektuak aurkezteko deialdia aurkeztu dute, antzerkiaren, dantzaren, musikaren, arte plastikoen eta ondarearen sektoreetako ordezkariekin eta TBK-ko zuzendariarekin batera. Azken hori arduratuko da ikus-entzunezkoaren alorrarekiko bitartekaritzaz, 2deo-ren bitartez.

Arte Eszenikoen Tailerra (TAE), Euskal Aktoreen Batasuna, Dantzan.com, Musika Bulegoa, Aranzadi, Kulturaz Kooperatiba eta TBK lankidetzan ari dira foru erakundearekin eta UPV/EHUrekin, eta bitartekari lanak egiten dituzte hainbat eremutan, deialdia zabaltzeko eta proposamenak jasotzeko.

Kultura eta hezkuntza arloko profesionalek erakundeen bitartez bideratutako proposamenak baloratuko dituzte, eta kalitate artistikoaren eta eskola curriculumetan duten kokapenaren araberako hautaketa egingo dute.

Eskatutako baldintzak betetzen dituzten proposamen guztiekin katalogo bat osatuko da. Katalogo hori lurraldeko bigarren hezkuntzako ikastetxeei bidaliko zaie udazkenean, hainbat irakasgaitako irakasleek baliabide gisa erabil ahal izan dezaten. «Kultura Eskolak, horrela, arte ekintzaren aurrean interesa eta jakin-mina pizten duten bizipenak eta esperientziak eskaini nahi dizkie nerabeei, antzokien, kontzertu aretoen, erakusketen, museoen, hitzaldien eta abarren ohiko programazioan publiko berriak sortzeko», adierazi du kulturako diputatuak.

Kultura Eskolaren Katalogoak kultura proposamenen zerrenda ireki bat izan nahi du, proposamen berriak onartuko dituena, kultura sormenaren bilakaeraren eta joera eta abangoardia berrien arabera. Foru Administrazioak berak kontratatuko ditu jarduerak, ikastetxeek aurkeztutako eskaeretatik abiatuta.

Programak sektorearentzako enplegu aukerak ere zabaltzen ditu. Olatz Salvador Musika Bulegoaren ordezkariak nabarmendu zuenez, «Kultura Eskola epe labur eta ertainerako aukera bat izan daiteke kulturaren alorreko profesionalentzat; izan ere, bigarren hezkuntzako ikastetxeen interesa gauzatuko duten kontratuez gain, publikoen erreleboa eta gaztetzea sustatzeko modu bat ere bada».

Arte Eszenikoen Tailerreko Ana Perezek honako hau ere nabarmendu du: «Katalogoa egiteko prozesuak berak du garrantzia. Izan ere, prozesu horretan, arlo bakoitzeko erakunde adituek izango dute protagonismoa, eta guztien artean osatuko dute ikastetxeentzako eskaintza. Egiteko modu horrek aukera emango du profesionalek, sektoreek, erakundeek eta abarrek elkar topatu, eta lankidetzan jardun dezaten, elkarrekin lan egitea inoiz baino beharrezkoagoa den une honetan».

Bestalde, Antonio Casado EHUko Gipuzkoako campuseko unibertsitate hedapeneko zuzendariak Etorkizuna Eraikiz estrategiaren barruko ekimenaren izaera berritzailea azpimarratu du. Kultura Eskolak «kulturaren hedapenean eta sustapenean esperimentatzen du osagairik onenak dituen formula batekin. Eredu hori hobetuz joango da praktikan jarri ahala, eta aldian-aldian berrituko den katalogo bati proposamen berriak gehitzen zaizkion heinean».