INFO

Pandemia, hondamena eta bestela pentsatzeko akuilu

Izurri beltzak Erdi Aroaren amaiera eta biziberritze kultural handi baten hasiera ekarri zuen. Bere ondoren ezer ez zen berdina izan, dena aldatu zen, batez ere mentalitatea. Berdina gerta al daiteke egun? Koronabirusak ekarritako txikizioa latza izanda ere, aldaketa erradikal baterako antzeko aukerak ekarri al ditzake?


Krisi handiek sakoneko aldaketa sozialak ekartzen dituzte, onerako eta txarrerako. Gerren eta depresio ekonomikoen ondorioak maiz aztertu dira, pandemien ondorioak, aldiz, ez hainbeste. Zain dugun balizko etorkizuna konprenitzeko, John Hopkins Unibertsitatean Medikuntzaren Historiako irakasle den Gianna Pomatari “The New Yorker” aldizkarian egindako elkarrizketa mamitsuak pista interesgarriak uzten dizkigu. Hari horietatik tiratuz josiko dugu hausnarketa hau.

Covid-19aren eta XIV. mendean Europa kolpatu zuen izurri bubonikoaren arteko konparaketa egitea zaila den arren, batez ere hildako kopuruak ikusita, jendearen pentsaera nola astindu zuen aldera daiteke. Izan ere, izurri beltzak Erdi Aroaren bukaera eta beste zerbaiten hasiera markatzen du. «Beste zerbait» hori Errenazimendua izan zen.

Artistek antzinateko teknikak aldarrikatu zituzten perspektibarekin marraztu eta pintatzeko. Musikariek melodia berreskuratu zuten. Humanismoak herritarren mentalitatean erlijioak zuen erabateko dominazioa desafiatu zuen. Michelangelo Buonarroti, Leonardo Da Vinci, Giovanni Boccacio, Dante Alighieri europar pentsamenduaren oinarri bilakatu ziren. Esploratzaile italiarrek munduaren mapa aldatu zuten. Galileok metodo zientifikoa ezarri zuen. Mendebaldeko zibilizazioan inoiz ezagutu den zientziaren eta artearen loratze handiena izan zen, agian, Errenazimendu italiarra.

XIV. mende hasieran hiri-estatu aberats askok sistema feudaletik askatzea lortu zuten. Horietako batzuek, Veneziak esaterako, merkataritzan oinarritutako errepublika sortu zituzten, kapitalismoaren haztegi bihurtuz. Kostaldeko beste hiri batzuek, Genovak edo Pisak kasu, sare komertzialak ezarri eta Mediterraneo osoan, baita Itsaso Beltzean ere, portu sare bat osatu zuten. Bolonia bezalako beste hiri batzuk kolonia libre bezala eratu ziren, eta jaun feudaletatik ihesi heldutako nekazariak askatasuna eskuratzen zuten hiriaren murruak pasatzean. Jopuak artisau bilakatu ziren, klase ertain bat gorpuzten hasi zen. XIV. mende hasiera indarrez beterik zetorren. Baina, bat-batean, jendea hiltzen hasi zen.

Izurri beltza, haize freskoa

Bolonia medikuntzaren irakaskuntzaren gotorlekua zen. 1088an sorturiko bere unibertsitate ospetsua munduko zaharrena zen. Medikuntza eskolastikoa zen nagusi, oso abstraktua, batere enpirikoa, astrologiarekin nahasten zena. Pentsa, Frantziako erregeak izurriaren arrazoia zein zen galdetzean, Parisko Unibertsitateko medikuntza fakultateak 1345eko martxoaren 20an Akuarioren berrogeigarren graduan eman zen Saturnoren, Jupiterren eta Marteren konjuntzio hirukoitzari egotzi zion.

Giovanni Boccacciok 1345ean bukatu zuen bere “Decameron” ipuin liburuan, Florentziako izurrian pasatzen zenaz honela idatzi zuen: «Gure artera, pertsona hilkorrengana zeruko gorputzek ekarritakoa izan edo gure gaiztakeriagatik zigortzeko Jainkoak bidalitakoa izan, urte batzuk lehenago sortu zen, Ekialdean. Hasieran, gizonen zein emakumeen iztai eta besapeetan hantura batzuk garatzen dira, batzuk sagar baten eta beste batzuk arrautza baten pareraino handitzen direnak». Zornez beteriko hanturok, bixika edo zorne-zorro deiturikoak, gongoil linfatikoaren hanturak ziren. Barne organoak bits odoleztatu betean lehertu eta gorputzak gangrenarekin iluntzen ziren. Hortik “izurri beltza” izena.

Gianna Pomata irakaslearen arabera, izurri beltzaren ondoren gertatutakoa «haizea bezalakoa da, aire freskoa sartzen da, zentzu onaren airea». Erdi Aroko medikuntza eskolastikoa intelektualki garaitua izateko ezinbestekoak izan ziren “haizeak”, testu klasikoak alboratuta medikuntza apurka-apurka ebidentzia enpirikorantz eraman zituzten “haizeak.” Medikuntzaren beraren errenazimendua ere izan zen.

Bi norabideko erreakzioa

Orain ere espero daiteke zerbait dramatikoa gertatzea, ez hainbeste medikuntza mailan, baizik eta ekonomia eta kulturan. Arriskua dela eta, badagoelako gizakiengan erantzun zoragarri hori: modu berri batez pentsatzea.

XIV. mendean tartariarrak Itsas Beltzeko Caffa hiria, Genovako merkatarien jabegoa zena, setiatu zuten. Historian zehar hainbat armadari gertatu bezala, tartariarrak ere etsai ikusezin baten kontra borrokan ari ziren: beraiekin eramaten zuten gaixotasun beldurgarria, egun gutxitan batzuk hil eta beste asko agonia betean utzi zituena. Caffatik erretiratu aurretik, Jan Jani Beg jeneral tartariarrak izurri beltzak hildakoen gorpuak hiriko murruen gainetik katapultatzea agindu zuen, gerra biologikoaren lehen kasuetarikoa ezarriz. Hiritarrak, beldurrak jota, ontzietara igo eta Egeo eta Mediterraneo itsasoetatik barna, Siziliara iritsi ziren.

1347ko urrian, siziliarrak, beren kostetan oraindik arraunei eusten zieten hildakoak aurkitzean izutu egin ziren. Itsaso zabalera eraman zituzten berriz ontziak, baina beranduegi zen. Yersinia pestis bakterioa garraiatzen zuten arratoi eta arkakusoek azkar batean infestatu zuten Messinako portua. Urtarrilerako Italia oso harrapatuta zegoen.

Erdi Aroko izurriteetako heriotzen datuak espekulazio hutsa dira, baina uste da Boloniak populazioaren erdia galdu zuela 1348an. Europa osoan hustu ziren hiriak. 1347ko eta 1351ko izurriaren lehen agerraldiek gutxienez 75 milioi pertsona hil zituztela munduan kalkulatzen da, agian 200 milioi. Umeak aita abandonatzen zuen, senarrak emaztea, anaia batek bestea. Zanga sakonak egin ziren hilerrietan. Hildakoen senideek bizkar gainean eramaten zituzten hilotzak eta hil bezain pronto zangetara botatzen zituzten. Hurrengo goizean hondarra botatzen zuten hilotzak pilatzen ziren heinean, «geruzaz geruza, lasagnan gaztazko geruzak jartzen diren bezala».

Izurritearen kronikagileek familiaren instituzioak lurra nola jo zuen deskribatzen dute. Baina, denbora berean, gizakiak sortzaileak izaten dira. Dekadentzia horren aurrean instituzio berriak sortzen erantzuten dute. Osasun Batzordeak sortu ziren, adibidez, berrogeialdien ardura hartuko zutenak. Lehen aldiz, ospitaleetan gaixoak gela espezifikoetan banatu zituzten, hezur hautsiak edo zauriak zituztenak gaixotasunak zituztenetatik banatuta artatuz. Edo elkarte komertzialak ugaritu ziren, medikuntza eta hileta kostuei aurre egiteko.

Bi norabideetakoa izan zen erreakzioa. Alde batetik, izurria nolabaiteko azido bat bezalakoa da, disolbatu egiten du. Baina, bestalde, loturak birsortzen ditu, agian lotura estuagoak. Bada, badenez, covid-19aren beste ezaugarri bat izurri beltzarekin antzekotasuna duena: hilzorian daudenak ezin daitezke bisitatu, ezin dira hiletak egin.

Gaixotasunaren olatuak

Zientzialariek covid-19aren bigarren olatu batez mintzo zaizkigu. Aro modernoaren pandemia gogorrenak ere, hilkortasun beldurgarri eta aparteko birulentzia zuen birus batek sortu eta “gripe espainiarra” deitu zutena, hiru olatu izan zituen: 1918ko udaberrian hasi, udan desagertu eta udazkenean berragertu zen. Hirugarren olatua 1919an etorri zen. Gero, gaixotasuna erretiratu egin zen, gutxienez 50 milioi lagun hil ondoren.

Izurri bubonikoa ere hiru pandemia handitan gertatu zen. Aurrena, “Justinianoren izurria” lez ezaguturikoa, VI. eta VIII. mendeen artean eman zen, ia etenik gabe, eta bizantziar inperioa suntsitu zuen. Bigarrena, izurri beltza, Italiara 1347an iritsi eta azkar zabaldu zen Europan. Hurrengo urtean, erromesek Mekara eraman zuten. Izurriak azkar infestatu zuen Eskandinavia ere. Ia 300 urtez jarraitu zuten Europan gaixotasunaren agerraldiek. Hirugarren olatuak, Daniel Defoek kontatu zigun “Londresko izurrite handiak”, 1665an jo zuen kolpea, eta, gero, misteriotsuki, desagertu egin zen.

Gizartearen erradiografia

Espekulatzeko lizentzia hartuta, pandemia honen balizko ondorio positiboez gogoetatu daiteke. Airea garbiago egon da, ura gardenago, Himalaia Punjabetik ikusi ahal dela frogatu da kutsaduraren lainoak desagertzean. Ingurugiroa osasungarriago, izarrak garbi eta ikusgarriago. Hori guztia, jakina, ekonomia kolapsatu eta amets pitzatu askoren ordainetan. Izan ere, trafikoa berriz hasiko da, petrolioa berriz ponpatuko da, hegazkinak berriz aireratuko dira. Galdetzekoa da, baina, kutsadura gutxiagorekin bizitzeko esperientzia labur hori, une batekoa izan arren, ea gure kontzientzietan eskuragarri den patu bat bezala gordeko dugun, errotikako aldaketa posible den oroigarri gisa.

Mindu samar gabiltza, emozionalki aztoratuta, argitasunez pentsatzeko zailtasunez. Bizitzaren erabateko zaurgarritasunak kolpatu baikaitu, berriro. Gure bizitzeko modu asko eromena direla ikusi dugu. Gerrek eta depresio ekonomikoek bezala, pandemiek ere gizartearen erradiografia eskaintzen digute, hautsitako jendartea erakusten diguten “X izpiak” dira. Baina historiaren lezioa hori da: pertsonak hausturon aurrean jartzean, auziok konpontzeko aukera dute.