«Urruntzearekin amaitzeko unea» irudikatu du Sarek, Donostiako bi ertzak giza-kateekin lotuz
Haizearen Orrazitik eta Sagueseko Bakearen Usotik bi giza-kate atera dira gaur arratsaldean Izan Bidearen dinamikaren baitan euskal presoen Euskal Herriratzea egungo egoeran are eta beharrezkoagoa dela aldarrikatzeko. «Espetxe politika hau amaitzeko eta aurrera begiratzeko garaia» dela nabarmendu du Sareko bozeramaile Inaxio Oiarzabalek.
17.30etan abiatu dira Haizearen Orrazitik zein Sagueseko Bakearen Usotik euskal presoen Euskal Herriratzea aldarrikatzeko bi giza-kateak. Saguesen, dragoi batek, txistulariek eta Izan Bidearen logoa irudikatzen duen pankarta erraldoi batek zabaldu dute ekimena. Hasi aurretik, bertaratu diren komunikabideei eginiko adierazpenetan, Sareko bozeramaile den Inaxio Oirzabalek «espetxe politika honekin amaitzeko garaia» dela nabarmendu du, are gehiago pandemiak baldintzatutako testuinguru honetan.
«Ekimen honekin urruntze politika bertan behera utzi behar dela, preso gehienei ezartzen zaien lehen graduaren progresioa ahalbidetu behar dela edo eta gaixotasun larriak dituzten presoek etxean behar dutela aldarrikatu nahi dugu. Salbuespen legedi horrekin amaitu behar da. Eta hori lortzeko, guztion arteko elkarlana behar da», plazaratu du.
Izan Bidearen dinamikaren baitan jada 3.000tik gora pertsonek izena eman dutela nabarmendu du ere, «nahiz eta askoz gehiago garen ibiltariaren sarean. Izan herrietan antolatutako ekimenen bidez, edota norbanakoen ekarpenen bidez».
Bi giza kateak Donostiako kaian elkartu dira. Bertan eginiko ekitaldian, Oiarzabalek eta Koban taldeko Onintza Rojas abeslariak hitza hartu dute. Bion artean irakurri duten agirian, presoek eta haien senideek jasaten duten salbuespeneko egoera salatu dute.
Sei urteko ibilbide luze eta oparoa
«Lehen bikoitza baldin bazen, orain hirukoitza da jasaten ari diren zigorra, birusa dela eta isolamendura behartuak batzuk, beste batzuk senitartekoekin aurrez aurrekoa izan ondoren, 15 eguneko itxialdi batera behartuak, kartzela bakoitza bere erabaki propioak hartuz… Askok haien seme-alabak bost hilabetez ez dituzte ikusi», ekarri dute gogora.
«Mendekua eta gorrotoarekin amaitzeko, eta elkarbizitza eta eskubideen errespetuan aurrera urratsak» emateko konpromisoa berretsi du Sarek.
«Sei urte daramatzagu euskal gizartea konponbidearen eta bakearen alde mobilizatzen eta aktibatzen. Gero eta gehiago gara guztiak etxera itzultzea posible izan dadin kaleetan espetxe-politika sakon aldatzea eskatzen dugunok. Eta, horretarako, kaleko aldarrikapenarekin batera aginte postuetan dauden horiekin komunikazio bideak irekitzeko ere lan egiten dugu. Mugimendua delako garrantzitsua, eta Izan Bidea hamaika modu ezberdinetara mobilizatzeko baliagarria den dinamika da, mugimendua helburu duena», adierazi du.
Urriaren 3ko deialdia ere gogoratu dute Oiarzabalek eta Rojasek. Egun horretan, «inoiz egin den mendi igoera bateraturik handiena egitera goaz! 650 tontor baino gehiago egingo ditugu». Izena emateko web orrialdeak jada zabalik daudela iragarri dute.