INFO

Massachusetts Ospitaleko ikertzaileek haurrek covid-19a ere heda dezaketela adierazi dute

Estatu Batuetako Massachusetts Haurrentzako Ospitale Nagusiko ikertzaileek ikerketa baten arabera haurrek garrantzi handiagoa izan dezakete koronabirusak komunitatean hedatzeko orduan. Sintomarik ez badute ere, birus-karga handiagoa izan dezaketela ziurtatatu dute.

Haur bat maskararekin. (Endika PORTILLO/FOKU)

Massachusettseko Ospitale Nagusiko ikertzaileen ikerketa batean, 0-22 urte bitarteko 192 haur eta gaztetatik, 49k positibo eman zuten covid-19 proban, eta beste 18k hasiera berantiarreko gaixotasun bat izan zuten, koronabirusarekin lotua.

Ikertzaileen arabera, ikerketan frogatu zen kutsatutako haurrek arnas bideetan birus maila nabarmen altuagoa zutela ZIUetan ospitaleratutako helduek baino. «Adin guztietako haurren birus maila altuak harritu ninduen, batez ere infekzioaren lehen bi egunetan. Ez nuen uste birus karga hain handia izango zenik. Ospitaleratutako zaharren birus kargak 'ume osasuntsu' batenak baino nabarmen baxuagoak dira », azaldu du Lael Yonker ikerketaren buruak, 'Journal of Pediatrics' aldizkarian.

Kutsagarritasuna edo kutsatzeko arriskua handiagoa da karga biral altuarekin. Diotenez, haurrek covid-19aren sintoma tipikoak dituztenean (sukarra, sudur-jariakina eta eztula), askotan haurren gaixotasun arruntekin erlazionatzen dira, hala nola gripearekin eta hotzeria arruntarekin. Horrek nahastu egiten du covid-19aren diagnostiko zehatza. «Haurrak ez dira infekzio honekiko immuneak», argitu du Alessio Fasano ikerlariak.

Ikertzaileen arabera, koronabirusa duten haurrak helduak bezain larri gaixotzeko joera ez duten arren, eskolara joaten diren sintoma gutxiko eramaile asintomatikoek infekzioa zabaldu eta birusa etxera eraman dezakete.