INFO

Hezkuntzaz aparteko arazoak sortzen ditu eskolen itxierak Afrikan

Covid-19aren pandemia globalaren ondorioz, Saharaz hegoaldeko Afrikako hainbat herrialdetako ikastetxeak luzaroan ixteak arrisku ugari dakarzkie ikasleei, hala nola indarkeria, estres handiagoa edo malnutrizioa. Hala ohartarazi dute ostegun honetan Unicefek eta Osasunaren Mundu Erakundeak (OME).

Haurrak ilaran Johannesburg-en, elikagaiak banatzeko zain. (Marco LONGARI/AFP)

Unicef eta OME, elkarrekin egindako konferentzia birtual batean, Afrikako eskualdeetako ikastetxeak «modu seguruan berrirekitzearen» alde agertu dira, milioika ikaslerentzat «babes eremua» direlako.

Matshidiso Moeti Afrikaran OMEren zuzendariak esan duenez, «eskolak ixteak areagotu egin dezake nerabeak haurdun geratzeko arriskua, haurrek jasandako indarkeria, drogen abusua, antsietatea, bakardadea eta isolamendua».

Saharaz hegoaldeko Afrikako 39 herrialdetan egindako OMEren inkesta baten arabera, horietako seitan bakarrik daude erabilgarri ikastetxeak, 14 eskualdetan daude itxita eta beste 19 herrialdeetan soilik azterketak egiteko irekitzen dituzte.

Gainera, 18 milioi haurrek, gutxienez, elikadura falta handiagoa dute, beren ikastetxeetan jasotzen zuten bazkaria jada ez dutelako hartzen.

«Aurten Afrikako hegoaldean eta ekialdean 75 milioi haurrek ikasteko aukerarik gabe jarraitzen dute», gogoratu zuen Unicefeko eskualdeko zuzendariak, Mohamed M. Malick Fallek, zeinak ohartarazi zuen ikasleen %20 eta %25 artean ez direla eskolara itzuliko.

Arrisku hori are handiagoa da neskentzat eta nerabeentzat –batez ere indarkeriaren ondorioz desplazatuta daudenentzat edo diru-sarrera gutxi dituzten familientzat–, sarritan bortxaketa eta sexu-esplotazioagatik izaten diren eta nahi gabeko haurdunaldiak sufritzen baitituzte; horrek, gero, ikasketekin jarraitzea galarazten die.

Era berean, bi erakundeek hezkuntzari lehentasuna emateko beha nabarmendu, baina pandemiaren premia berrietara egokituz, ikasle gutxiagodun eskolekin, zeintzuetan, bai beraiek bai irakasleak, eskuak garbitu, distantziak gorde eta gorputzaren tenperatura kontrolatu ahal izango duten.

«Itzuli egin behar da, baina hobeto itzuli», esan du Fallek. Neurri horiek guztiek, aldi berean, «hezkuntzaren kalitatea hobetzeko» balio dutela gehitu du, ikasleei mesede egin eta espazio higieniko eta seguruagoa eskaintzeko. Saharaz hegoaldeko Afrikan oso zaila da hori bermatzea; izan ere, ikastetxeen %44k soilik du edateko ura, eta %47k oinarrizko saneamendu-zerbitzuak ditu, OMEren eta Unicef-en txosten baten arabera.

«Hezkuntza arriskuan jartzen bada, belaunaldi galdu batez hitz egin liteke», esan du Fallek, eta, gainera, belaunaldi horrek etorkizuneko krisiei aurre egin beharko diela ohartarazi du.