INFO

Bizi arteko kartzela zigorra Zelanda Berriko eraso islamofoboengatik

Zelanda Berrian ia aurrekaririk ez duen epaiak bizi arteko kartzela zigorra ezarri dio Brenton Tarrant Christchurch-eko bi meskitatan iaz 51 pertsona erahil zituen supremazistari. Honek tutik ere ez du esan prozesu guztian. Jacinda Ardern lehen ministroak hil arte isiltasun osoan mantentzeko opa dio eta bere izena berriro sekula ez aipatzeko eskatu du.

Brenton Tarrant supremazista zuria eta atentatuen egilea. (JOHN KIRK-ANDERSON-AFP)

Christchurch-eko Auzitegi Gorenak bizi arteko kartzela zigorra ezarri dio Brenton Tarrant supremazistari iazko martxoan bi meskiten aurkako tiroketan 51 pertsona erahiltzeagatik.

Zelanda Berrian ez du aurrekaririk horrenbesteko zigor gogorrak. Izan ere, Cameron Mander epaileak ebazpena aurkezterakoan azaldu duenez, «bere krimenak hain dira zitalak, bera hil arte preso segituko balu ez zirela beharrezkoak diren zigorra eta kondena agortuko».

«Zu ez zara hltzaile soila, zu terrorista zara», egotzi dio epaileak Tarranti. Honek, presoen uniforme grisa jantzita, zirkinik egin gabe entzun du epaia, agerraldi guztietan egin duen moduan, 2019ko martxoaren 15ean Al Noor eta Linwood meskitatan tiroka sartu eta egun berean atxilotua izan zenetik isiltasunari eutsiz.

Zelanda Berriko hiltzailerik handiena

Tarrantek atentatua baka-bakarrik baina zehatz-mehatz antolatu zuen 2017an Zelanda Berrira iritsi zenetik, horrelako erahilketak ez ohikoak diren herrialde batera hain zuzen ere. Bere asmoa ahalik eta odol gehien isurtzea zen, beraz, ostiral batean egitea erabaki zuen, musulmanen otoi egunean.

Egun hartan, arma semiautomatikoak eskuetan, haurrak, emakumeak eta nagusiak gertu-gertutik tirokatu zituen, tartean hiru urte baino ez zituen eta bere aitaren hanketara itsatsi zen haur bat, sarraskia zuzenean Facebookez ematen zuen bitartean. Gainera, erasotu baino minutu batzuk lehenago txurien nagusitasuna aldarrikatzen duten bere ideiak kaleratu zituen sare sozialetan eta agintariei eta prentsari bidali zizkien mezuetan.

Koroaren fiskalak, Mark Zarifeh-k, Tarrant «dudarik gabe Zelanda Berriko hiltzailerik handiena» dela azaldu zuen eta bere egin zuen 91 biktimek eta senitartekoek zigorrik handiena ezarri ziezaioten eskaera.

«Azken arnasa arte kartzelan egotea merezi du», eskatu zuen epaiketan senarra galdu zuen Haminah Tuyanek. Aden Diriyek, bere hankari itsatsi zitzaion haurraren aitak zera esan zion hiltzaileari: «Badakit benetako justizia zai duzula hurrengo bizitzan eta askozaz gogorragoa izango dela».

Ahaldurarik bat ere ez

Prozesuan zehar, Tarrantek ezusteko batzuk eman ditu, martxoan bere burua erruduntzat jo zuenean moduan, prozedimendu luzea sahiestuz.

Gaur bertan, bere ofiziozko abokatuak azaldu du Tarrant ez dagoela bizi arteko kartzela zigorraren aurka. Atzo, hitzegiteko eskubideari uko egin zion.

«Zu zeuk osasun aholkulari esana da zuretzat eta biktimentzat onena ixilik egotea dela eta ez duzula ahaldurarik azaltzeko asmorik zigorra leuntzeko (…) Baina, bide batez, zure baitan bildurik jarraitzen duzu, ez duzu barkamenik eskatu eta ez duzu publikoki onartu eragin duzun mina», egotzi dio epaileak.  

Zelanda Berriko lehen ministroak, Jacinda Ardernek,  Tarrantek «bizi osoa ixiltasun osoan merezi» duela esan du. «Martxoaren 15eko trauma ez dugu samur ahaztuko, baina espero dut gaur izango dela terrorista horren izena entzuten dugun azken eguna».  Atentatuaren egunean bertan atxilotu zutenean Ardernek bera ez identifikatzeko eskatu zuen, bilatzen zuen ospea ez eskaintzeko.

Prozesu guztian biktimek lehen ministroaren gertutasuna eskertu dute eta bere egin dute Ardernen leloa: «Bat gara».

«Beraiek (supremazistek) gorrotoa ordezkatzen dute. Guk, ordea, maitasuna eta errukia… Zelanda Berrian musulmanak izateagatik oso harro gaude», azaldu du Gamal Fouda imamak, atentatu egunean Al Noor meskitan zegoena.