Behobia-Donostiaren aurtengo edizioa bertan behera gelditu da
«Ahalegin, irudimen, analisi, azterketa eta ilusio» handiz azken hilabeteetan lasterketa egin ahal izateko «plan bat» landu arren, Fortunak proba bertan behera uztea erabaki du «inguru erabat segurua bermatzea gure ahalmenetik kanpo» dagoelako.
Azken unera arte aukera guztiak aztertzen ibili arren, Behobia-Donostia lasterketak gaur jakinarazi du aurtengo edizioa bertan behera geldituko dela. Pandemiaren eraginez proba horren jendetsuan parte-hartzaileen segurtasuna bermatzea ezinezkoa jo du Fortuna Kirol Elkarteak, eta jada hurrengo urteetara begira jartzea erabaki dute.
«Hilabete zailak izan dira, baina baita ahalegin, irudimen, analisi, azterketa eta ilusio handikoak ere, zeinetan lasterketa garaiko egoerara egokitzeko plan bat landu dugun. Hala ere, pandemiaren egungo bilakaerak aurre egin beharreko aldagai gehiegi ditu», azaldu du Fortuna prentsa ohar baten bitartez.
«Fortunarentzat funtsezkoa da Behobia osatzen dute pertsona guztien segurtasuna bermatzea: partaideak, boluntarioak, osasun langileak... baita festa bilakatzen duten ikusleena ere. Uneotan pertsona horiek guztientzat inguru erabat segurua bermatzea gure ahalmenetik kanpo dago», gaineratu du.
Horregatik, hiru aukera eskaintzen dizkiete izena emanda dauden korrikalariei: izen ematea 2021eko (azaroak 14) edo 2022ko (azaroak 13) lasterketarako uztea; izen ematearen salneurria bueltatzea, gehienez, 18 hilabeteko epean (kudeaketa gastuen 6 euro kenduta); edota izen ematearen kopuru osoa edo zati bat dohaintzan ematea Fortunari.
«Datozen egunetan bere izen-ematea egin duten pertsonek bere aukera komunikatzeko prozedura azalduko zaien posta elektroniko baten bidez», aurreratu dute antolatzaileek, jakinaraziz dortsala beste edizio baterako gordetzen dutenei hurrengo egunetan Behobia Birtualerako 10 euroko deskontua ere bidaliko zaiela e-postaz.
«Pandemiak –eta lasterketan izandako eraginak– Fortuna KEren mendebeteko historiako une zailena ekarri du, bere jarraikortasuna zalantzan jartzeraino, baina kirola egitea onuragarria da eta horregatik, berme guztiekin egiten jarraitzera animatzen zaituztegu, datorren urtean berriro goza dezagun gustuko dugun moduan», opa dute antolatzaileek amaitzeko.