INFO

Bi ekimenek hezkuntzarako alternatibak planteatu dituzte: aire libreko eskolak, ratioa jaitsi...

Eskolak Naturan ekimeneko irakasleek eta Haurrak Ere Bai plataformako familiek, bakoitzak bere aldetik, proposamen sorta bana jaso dute ikasturte hasierari begira, covid-19ari nola aurre egin aztertuz. Ekimen biek bat egin dute hausnartzerakoan birusaren hedapena murrizteko eraginkorra dela eskolak aire librean ematea lehenestea.

Haurrak ere bai-k konfinamenduan bultzatutako kanpaina, adingabeen kamisetak balkoietan jartzea. (HAURRAK ERE BAI)

Datorren ikasturteak haur eta nerabeengan izango duen eraginaz kezkatuta, eta ez bakarrik osasun arriskuez, baizik hezkuntzaren kalitateaz arduratuta, Eskolak Naturan eta Haurrak Ere Bai plataformen eskoletarako alternatiba bana proposatu dute astelehenean. Birusaren hedapenerako arriskua murrizteko bide gisa, eskolak aire librean ematea proposatu dute bi ekimenek.

«Kanpoko eta natur-espazioetako hezkidetzaren aldeko apustua egitea» galdegin du Haurrak Ere Bai-k eta, hortaz, bere proposamenaren arabera, «ikaslegoaren eskolak gela barruan zein gela kanpoan emango lirateke», aire libreko klaseak lehenetsiz.

Bide beretik, Eskolak Naturan ekimenetik «aire zabaleko jarduerak lehenesten dituzten ereduen aldeko apustua» egin dute, «ikasgelen tamainak ez daitezen mugarri bakarra izan aipatutako osasun neurriak hartzerako orduan». Horregatik, Lakuako Gobernuari eskatu diote eskolaz kanpoko espazioak ere kontutan hartu daitezen, «naturguneak bereziki». «Gure ustez, espazio hauek ingurune seguruagoak direla erakusteaz gain, bateragarriak dira ikasleen garapen emozionalarekin eta pertsonen arteko beharrezko harremanak errazten dituzte», adierazi dute.

Argitu dute, gainera, hainbat ikerketa eta esperientziek demostratu dutela eskolak espazio irekietan emateak abantailak ekartzen dituela. Kasurako, OMEk eskolak naturan ematea gomendatzen du, eta badira ikerketak esaten dutenak covid-19aren kutsatze maila toki itxietan baino baxuagoa dela aire librean.

Ratioa murriztea

Elkarteko familiek «onartezina» deritze haurrengan ere 1,5 metroko distantzia mantentzea eta musukoa erabiltzea derrigorrezkoa izatea, baita familiak ikastetxeetako jardunetik kanporatzea ere, gogorarazi baitute haurrek «modu arinean» igarotzen dutela birusa eta kutsatze maila baxuagoa erakusten dutela.

«HaurrakEreBai-tik ez dugu onartzen urruntze fisikoa, zatiketa eta beldurra ardatz duen heziketarik ez edozein testuingurutan ezta aitzakipean ere. Haurtzaroaren oinarrizko beharrizan eta eskubideen kontrako eraso argia da, eta analogiaz, egungo gizartearekiko eraso argia (umeak eta nerabeak garrantzi handikoak izanik). Saia gaitezen haurtzaroaren ondoan egoteko modua aurkitzen, tratu onetik, errespetutik eta bizitzarako beharrizanetatik abiatuta, benetako etorkizuneko gizarte errespetudun eta osasuntsurako bidea hasteko», agertu dute.

Horregatik guztiagatik, bestelako neurriak proposatu dituzte. Kasurako ikasgelako umeen ratioa erdira jaistearen alde egin du eta plataformak, horrekin batera, irakaslegoaren plantila handitzea proposatu du.