INFO

Ikastolen Elkartea «ikastolaz ikastola» ari da kontingentzia-plana adosten

Sindikatuek irailaren 15erako EAEko hezkuntzan egin duten greba-deialdiaren aurrean, Ikastolen Elkarteak adierazi du kontingentzia-plana eta neurri gehigarriak «ikastolaz ikastola» adosten ari direla itzulera segurua bermatzeko. Elkarteak gogoratu du uztailean eginiko azken bileratik sektoreko mahaiarekin biltzea aurreikusita duela pandemiak ikastolei nola eragingo dien jakiteko.

Balmasedako Zubi Zaharra ikastola. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Ikastolen Elkarteak, EAEn irailaren 15erako deitutako greba-deialdiaren aurrean, adierazi du kontingentzia-planak eta neurri gehigarriak «ikastolaz ikastola» adosten ari dela langileen ordezkariekin, ikasgeletarako «itzulera segururako».

Ohar baten bidez, Ikastolen Elkarteak sindikatuei gogorarazi die «interlokuzioa zabalik izan dugula eta dugula ikastoletako langileen ordezkariekin». Gainera, gogoratu dute uztailaren azken bileratik, sektoreko mahaiarekin biltzea aurreikusita dutela «covid-19 birusaren ondorioz sortu den egoera aztertzeko eta egoera horrek ikastolei nola eragingo dien» jakiteko.

«Beti bezala, orain ere, elkarlanerako prest gaudela; are gehiago egoera berezi honetan, gure helburua baita eskola itzulera ahalik eta lan eta segurtasun baldintza onenetan izatea», erantsi du Elkarteak.

Greba-deialdia

ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek greba-deialdia hezkuntzan egin dute irailaren 15erako. Sindikatu hauek «ikastetxeetan aurrez aurreko itzulera segurua eta adostua» eskatu die Lakuako Hezkuntza Sailari eta «langileen ordezkariekin interlokuziorik ez dagoela» kritikatu dute ostegun honetan emandako prentsaurrekoan.