INFO

‘Bizkaia Aurrera’ kultur bonua jarri du martxan Bizkaiko Diputazioak

Bizkaiko Aldundiak ‘Bizkaia Aurrera’ kultur bonua jarri du abian. Sektoreak bizi dituen une zail hauetan kulturaren kontsumoa sustatzea du helburu.

Ostiral honetan egin da egitasmoaren aurkezpena Euskalduna Jauregian. (NAIZ)

Bizkaiko Aldundiak Euskalduna Jauregian ostiral honetan egin duen ekitaldian emanaldia eskaini dute Elai Alai konpainiak, Izaro abeslariak, Maribel Salas eta Mitxel Santamaria aktoreek, Idoia Ibarrondo eta Juan Infante idazleek  eta Marion Desjaques BOSeko harpistak. Pertsona hauek guztiek ‘kultura’ hitza osatu dute, euren emanaldi bakoitzaren amaieran hizki bana jarriz, eta keinu horrekin kultura kontsumitzearen garrantzia irudikatu nahi izan dute.

Lorea Bilbaok, aurkezpenean, honakoa azaldu du: «BAKB Bizkaia Aurrera planaren barne aurkeztutako neurrietariko bat da. Kultura kontsumoa sustatzea du helburu, eta finean bonoaren bitartez lortzen duguna da herritarrei kultura arloko produktuak eta ikuskizunak ordaintzerakoan deskontuak eskaintzea».

«Kultura ekosistema oso bat da. Kultura bada enplegua ere, enplegu berezia gainera: intermitentea, profesional oso kualifikatuz osatua, enpresa txikiz eta autonomoz osotua. Kultura industria da. Kultura, besteak beste, aberastasun ekonomikoa dakarkio gizarteari. Kultura inbertsioa da, gizartearentzat ezinbesteko ondasuna. Horregatik guztiagaitik, sektore honi ere lagundu egin behar diogu krisi larri hau gainditzen; eta erronka honetan oinarri oinarrizkoa da guztion lankidetza, erakundeena, zalantza barik, baina baita herritarrona eta sektorearena berarena be, ezinbestekoa dugu kulturea kontsumitzea, bizirik iraun gura badugu behintzat».

‘Bizkaia Aurrera’ kultur bonua egitasmoaren bidez Bizkaiko Aldundiaren Euskara, Kultura eta Kirol Sailak kultur produktuen erosketa sustatuko du, horien euskarri guztietan. Horretarako, bonuak erosi beharko dira; bonuok Kutxabank finantza-erakundearen bidez jarriko dira salgai eta erabiltzaileek Bizkaian hainbat kultur produktu erosteko aukera izango dute.

Bonu hauek irailaren 14an jarriko dira zirkulazioan, bi modalitatetan: A motakoak, 25 euroko prezioarekin, edozein motatako kultur produktuetarako, hala nola liburuak, musika, filmak, dokumentalak, jokoak, bideo-jokoak, museoak, zinema, antzerkia, dantza, kontzertuak eta musikalak, B motako bonuarekin eros daitezkeen produktuak eta zerbitzuak izan ezik. Kasu honetan 17.000 bonu jarriko dira salgai.

B motakoak, 15 euroko prezioarekin, berariaz euskarazko kultur produktuentzat, eta horien artean Bizkaiko tokiko hedabideetarako harpidetzak ere sartzen dira. Kategoria honetan 9.800 bonu jarriko dira salgai.

Bonu guztiek berrogei euroko balioa emango diote eramaileari kultur produktuak erosteko, bai eta museo eta zuzeneko ikuskizunetarako sarrerak eta kanpaina honi atxikitako establezimendu sareko beste kultur ekitaldi batzuk erosteko ere, baldin eta BAKB horiek kanpaina honen barruan dauden egunetan erosi eta erabiltzen badira. Informazio guztia hemen kontsulta daiteke: https://www.bizkaia.eus/

Bonu horien prezioaren eta erosketa balioaren arteko aldea Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatuko du horretarako ezarri den funts ekonomikoa agortu arte. Programa honetara 500.000 euro bideratuko dira.

Bonu hauen salmenta Kutxabanken webgunearen eta sarrerak erosi eta jasotzeko terminalen sarearen bidez egingo da. Kontsumitzaile bakoitzak kategoria bakoitzeko 4 bono erosi ahal izango ditu. Bonuak 2021eko maiatzaren 24ra arte erosi ahal izango dira, eta bakarrik erabili ahal izango dira programari atxikitako establezimenduetan, irailaren 14tik 2021eko maiatzaren 31ra bitartean.