INFO

EAJ eta PSEren eredua indartu nahi du Urkulluk «covidaren legealdian»


Gasteizko Legebiltzarrak Iñigo Urkullu lehendakari izendatu zuen atzo arratsaldean, goizean EAJko hautagaiak aurkeztutako proposamenak entzun ostean.

Urkulluk «ohiz kanpoko» garaiak direla ohartarazi zuen, eta, «ziurrenik», legegintzaldi honi covid-19aren legegintzaldia esango zaiola nabarmendu zuen.

«Aurreikusten dut pandemiaren aurkako borrokak eta ekonomian eta enpleguan jasango diren ondorioek lau urte hauetan iraungo dutela. Eta aurkezten dudan programak egoera horri erantzuten dio», azaldu zuen bi irizpide nagusi aipatu aurretik: «gure zerbitzu sanitarioaren kolapsoa saihestu behar dugu eta, aldi berean, herrialdearen koma ekonomikoa ekidin».

«Batak zein besteak pertsonen bizitzarekin zerikusia dute; bateragarriak dira eta aldi berean babestu behar ditugu. Azken finean, gaur egungo eta etorkizuneko bizitzek balio bera dute. Balio absolutua», gaineratu zuen, eta herritarrek beraien bizimoduan koronabirusaren «inpaktua» jasango dutela azpimarratu zuen; «bai norbanako gisa, baita gizarte gisa ere».

Ikasturtearen hasiera

Familia askok datorren astean jasango dituzte covid-19aren ondorioak, ikasturtearen hasierarekin. Atzo Urkulluk kurtsoaren hasiera mailaka hasiko dela iragarri zuen. Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleak irailaren 7an itzuliko dira klaseetara. DBHko 3. eta 4. mailetakoak, Batxilergokoak eta Lanbide Heziketakoak, ordea, irailaren 15ean.

«Hezkuntza presentziala da lehenetsi den aukera. Hori izango da, beraz, apustu nagusia, baina betiere osasun agintariek epidemiaren eboluzioari buruz egingo duten azterketaren mende egongo da», azpimarratu du, eta Hezkuntza Sailak 1.000 irakasle kontratatzea aurreikusten duela nabarmendu zuen, «errefortzu handiena behar duten ikastetxeentzat».

«Ikasturte hasiera ez da erraza izango, zeren eta baldintzak berak ez baitira errazak. Nolanahi ere, ikastetxeekin etengabe egongo gara harremanetan, egoeraren jarraipena egiteko, gure jarduera une oro ebaluatzeko eta une bakoitzean beharrezkoak diren neurriak hartzeko», esan zuen Urkulluk, eta «aurreikusita dauden neurri guztiez gain, etorkizunean beste hainbat» onartuko direla azaldu zuen Legebiltzarrean.

Ez du arazorik izango arau berriak onartzeko, izan ere, PSErekin sinatutako akordioari esker gehiengo absolutua du.

Gobernu akordioa

«Pozik nago alde pertsonalean eta politikoan, zeren eta nire alderdiaren, EAJren, eta PSEren babesarekin bainator Legebiltzar honetara. Akordioaren eta lankidetzaren emaitza izan da babes hori. Asko eskertzen dut eman didaten konfiantza. Nire gain hartzen dut legegintzaldi honetarako gobernu akordiotik sortutako ekimenen agenda abian jartzeko ardura. Akordio hori defendatzen dut, gure herriaren garapenaren oinarria delako. Aurreko legegintzaldiko esperientzia positiboaren eta beste erakundeetan egindako lan partekatuaren ondorioa da, hein batean. Eusko Jaurlaritzaren egonkortasuna eta gaitasuna bermatzen dituen akordioa da. Abiapuntua, alegia», esan zuen.

Eta mezu bat helarazi zien gainontzeko alderdiei: «Gaur, ildo nagusiak aurkezten ditut; eskua zabalik, denon artean Euskadi batera eraikitzeko. Legebiltzarreko alderdi politikoei, euskal erakundeei eta Estatuko Gobernuari zabaltzen diet eskua, baita lankidetza publiko eta pribatuari ere».

1979ko Estatutua

Badirudi Urkulluk legealdi honetan sendotu nahi dituela harremanak Madrilgo Gobernuarekin eta ez duela defendatuko erabakitze eskubidea. Izan ere, bere proiektu politikoa «elkarrizketa eta erakundeen arteko lankidetzan» oinarrituta dago. «Halakoa da hastear dagoen legegintzaldiaren testuingurua», adierazi zuen.

Azaldu zuenez, «euskal autogobernua eguneratzeak berekin ekarri behar du gure erakunde politikoen izaera itundua berritzea eta indartzea». Eta hori lortzeko «negoziazio prozesua aldebikotasun efektiboak gidatutako itun batean gauzatu beharko da, bermeak eta elkarrekiko leialtasun baldintzak dituena».

Hala, Urkulluren lehenengo helburua 1979ko Estatutua betetzea da, «aitortutako gure autogobernua baita». «Gernikako Estatutuak gure herriaren nortasuna aitortu zuen; eta, hari esker, jarraipena eman zaio Euskadiren erakundetzeari. Estatutuak gaur egun dugun aurrerapen maila, ongizatea eta justizia soziala lortzeko aukera eman digu. Orain, aurrera egin behar dugu autogobernu eraginkor eta bermeak dituena gauzatzen», gaineratu zuen.

Badirudi legealdi honetan EAJ eta PSEk Urkulluren ustez «funtzionatzen duen eredua» indartuko dutela, eta eredu horrek ez du jasotzen herritarron erabakitze eskubidea.

 

Adierazpenak

«Hauteskundeak egitea erabaki ona izan zela aldarrikatu nahi dut»

«Pozik nago alde pertsonalean eta politikoan, EAJren eta PSEren babesarekin bainator Legebiltzar honetara»

«Ziurrenik, legegintzaldi honi covid-19aren legegintzaldia esango zaio»

IÑIGO URKULLU

EAJko hautagaia