INFO

Johnsonen hordagoak Brexitaren inguruan ezohiko bilkura eragin du Europako Batasunarekin

Europako Batzordeko presidente ordea, Maros Sefcovic, Londresera abiatu da gaur Gobernu britainiarrari azalpenak eskatzeko. Boris Johnson lehen ministroak Brexitaren inguruan bi aldeek adostu zuten ituna hankaz gora jartzen duen lege-proposamena aurkeztu zuen atzo, batez ere Irlandaren eta Ostiral Santuko Akordioaren inguruan.

Maros Sefcovic Europako Batzordeko presidente ordea Londresera iristean. (Tolga AKMEN-AFP)

«Europako Batasunak Uztearen Ituna betetzearen inguruko azalpenak nahi ditu Erresuma Batuaren aldetik», azaldu du Bruselako Batzordeak, ohiz kanpoko bileraren berri ematean. Bertan itun hori betetzen dela ardura duen Sefcovic Michael Govenekin bilduko da, Johnsonen kabinetean Brexitaren ministroarekin.

Ondoren bi aldeen negoziazio arduradunak bilduko dira, Michel Barnier EBren ordezkaria eta David Frost britainiarra, egoera aztertzeko.

Londresek hautsak harrotu ditu adostutako itunak aurrikusten dituen neurriak aldatzeko asmoarekin.

Irlandari dagokionez, itun horrek irlaren iparraldearen eta hegoaldearen artean mugarik ez egotea agintzen du. Londresek, ordea, «Erresuma Batuaren barnean merkataritza trukeak samurtzeko», atzera egitea nahi du. Horrek Ostiral Santuko Akordioa arriskuan jarriko luke.

EBren iritziz, Britainia Handiak Nazioarteko Legedia hausten du eta bi aldeen arteko konfidantzari izugarrizko mina ematen dio.  

Izan ere, 2021eko urtarriletik EBren eta Britainia Handiaren arteko harremanak, merkataritza eta segurtasunaren arloan, zehazteko eztabaidatzen ari dira bi aldeak aste honetan bertan, zortzigarren txandan. Elkarrizketek ez dute emaitzarik izan, datorren urrirako adostuta egon behar baziren ere.

Une kritikoa aukeratu du, beraz, Johnsonek bere lege-proiektu berria kaleratzeko.  

Haserrea nonahi

Haserrea handia da EBn eta Bruselako Parlamentua, Europako Batzordea eta Kontseilua bat datoz Londresi «akordioak bete egin behar» direla gogoratzean.

Alemaniak kezka handia agertu du eta esames latindarra ekarri du gogora: «Akordioak errespetatzea etorkizuneko harreman onen sustraia da».

«Lagunen artean hitza bete egin behar da», bat dator Estatu frantsesa.

Gertuago, kritika gogorrak jaso ditu Johnsonen asmoak, baita bere Alderdi Kontserbadorean eta lehen ministro ohien ahoetatik ere, Theresa Mayrengandik hasi eta John Mayorreraino. Azken honek zera gogoratu dio: «Erresuma Batuak agindutakoa betetzeko erreputazioa galduko balu, preziorik ez duen eta agian sekula berreskuratuko ez genuen gauza bat galduko luke».  

Eskoziatik, SNPk Westminsterren duen bozeramaleak, Ian Blackfordek, «Estatu zitala» eratzea egotzi dio lehen ministroari.

«No Deal»

Johnsonek Nazioarteko Legediaren haustea «ñimiñoa eta oso espezifikoa» dela esan du eta asmoa «barne merkataritzaren arintasuna eta segurtasuna bermatzea» dela gaineratu du.

«Itunaren muturreko interpretazio batetik babestu behar dugu gure herrialdea, Irlandako itsasoan muga bat eratzeko arriskua egongo litzatekeelako, eta hori Ostiral Santuko Akordioaren aurka doa», gaineratu du.

Lege-proiektu hori egun bi aldeen artean arrantzari eta berdintasuneko konkurrentziari buruz dagoen akordio faltari gehitu zaio.

Johnsonek berak ohartarazi duenez, urriaren 15ean deituta dagoen Kontseilu Europarra baino lehen adostasunik ez baldin badago, «No Deal» (akordiorik ez) da aukera bakarra.

Mus partidak jarraitzen du eta Londresen enbidoak gero eta handiagoak dira, hordagoaren zain.

Estatu frantsesak «eszenatoki guztien aurrean prest dago». Ziur? Kontuz norberaren, bikotearen eta lehiakideen kartekin.