INFO

Moriako tragedian «Europa erruduna» dela salatzeko elkarretaratzeak lau hiriburuetan

Moriako errefuxiatuen kanpamentuan izan den tragedian «Europa erruduna» dela salatzeko, elkarretaratzeak deitu dituzte larunbat honetarako Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean, eguerdiko 12.00etan Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Mugak Zabalduz elkarteek.

Moriako sutearen ondorioz milaka lagunek egurats-zabalean lo egin behar dute. (Angelos TZORTZINIS/AFP)

Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Mugak Zabalduz elkarteek elkarretaratzeak deitu dituzte larunbat honetarako Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, Lesbos irlan dagoen Moriako kanpamentuan izan zen sutean Europako Batasunaren ardura eta bere «heriotza politika» salatzeko.

Elkarretaratzeak eguerdian egingo dira. Bilbon, Arriagan; Donostian, Bulebarrean; Gasteizen, Ama Zuriaren plazan, eta Iruñean, Gaztelu enparantzan.

Ohar batean azaldu dutenez, Moriako suteak «Europako gizartea interpelatu du berriro, etorkizuneko belaunaldiak lotsatuko dituen tragedia humanitario baten aurrean, nazien kontzentrazio-esparruek II. Mundu Gerraren ondorengo belaunaldiak sumindu zituzten modu berean».

Bi elkarte horiek ohartarazi dutenez, «13.000 pertsonak bizirik iraun dute hainbat urtez su hartu duen eremuan, baina gaur egun Moriara doazen bideetan bizirik eusten saiatzen ari dira, Greziako Poliziak eta eskuin muturreko taldeek Lesbosko hiriburura iristea eragozten dietelako».

«Pertsona horiek Europako Batasunaren heriotza-politikaren lekuko zuzenak eta biktima ukaezinak dira, gerretatik eta gosetik ihes egiten duten errefuxiatuekin eta migratzaileekin batera», salatu dute.

Kanpamentua suntsituta

Moriako errefuxiatuen kanpamentuan astearte gauean piztu zen sua; sute bat baino gehiago hasi ziren aldi berean eta bertako hedabideen arabera, nahita eragindakoa izan zen. 12.000 errefuxiatu baino gehiago bizi dira karpa eta dendetan. Kanpalekuaren %80 suntsituta geratu zen garren ondorioz

Hurrengo bi egunetan beste hainbat sute txiki piztu ziren, eta zutik geratzen zen apurra erre zen. Milaka lagunek beren ondasun apurrak galdu eta egurats zabalean lo egin behar dute ordutik, errepide ondoan edo han dauden olibondo inguruetan. Poliziak gune guztia inguratuta dauka, errefuxiatuak Lesboseko hiriburura joan ez daitezen.

Kanpamentuan lan egiten duten Gobernuz Kanpoko Erakundeek (GKE) Greziako Gobernuari eta Europako Batasunari eskatu diote Morian bizi ziren milaka lagunak ebakuatzeko eta leku seguru batera eramateko. Notis Mitarakis Greziako Migrazio ministroak «behar dena» egingo duela esan du, baina agindua ez dute bete oraindik.

Zaporeak elkarteko kideak, berrogeialdian

Lesboseko irlan lanean diharduen Zaporeak elkarteak jakinarazi duenez, lantaldearekin kontaktu zuzena duen pertsona batek positibo eman du PCR proban eta, ondorioz, segurtasuna lehenesteko, Zaporeakeko kideei ere PCR probak egingo dizkiete eta berrogeialdian jarriko dira emaitzak jakin arte. 

Hori dela eta, gaur sukaldea itxita izango dute. Desinfektatu bitartean, beste GKE-ekin aztertuko dituzte kozinatzeko aukerak.