INFO

Alberto Viedma Morillas euskal preso politikoaren lagun batek istripua izan du errepidean

Alberto Viedma Morillas preso iruindarraren lagun batek istripua izan zuen igande honetan, Teruelen, euskal errepresaliatu politikoei ezarritako urruntzearen ondorioz. Etxeratek sare sozialetan iragarri duenez, lagunak ez du kalte pertsonal larririk izan.

Alberto Viedma Morillaren lagunaren kotxeari gurpila lehertu zitzaion. (@EtxeratElkartea)

Alberto Viedma Morillas euskal preso politiko iruindarraren lagun batek ezustekoa jasan zuen igande honetan, errepidean, Almeriako espetxetik (1.005 km) Iruñera bueltan. A-23 autobian, Monreal del Campo inguruan kotxean zihoala, gurpila lehertu zitzaion, Etxeratek sare sozialetan astelehen honetan azaldu duenez.

Euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunek osatzen duten elkarteak esan du Viedma Morillasen lagunak «ezuste handia» jasan zuen arren, zorionez autoa menderatzea lortu zuela eta gainontzeko minik ez zuela hartu.

«Beste behin ere zoriak ekidin du matxura honen ondorioak larriagoak ez izatea», gaineratu du Etxeratek bere Twitter kontuan.

Estatu espainolak eta frantsesak euskal preso politikoen senide eta lagunei ezarritako bidaia luzeek 1.000 zauritu inguru eta 16 hildako eragin dituzte dagoeneko.