Hezkuntzako grebak %65eko jarraipena izan du langileen artean, sindikatuen arabera
ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGTk EAEko Hezkuntza alorrean gaur deitu duten grebak babes zabala izan duela aurreratu dute sindikatuek, zehazki %65koa. Lakuak ezarritako gutxieneko zerbitzuak «gehiegizkotzat» jo dituzte, izan ere horiengatik langile askok ezin izan dute greba egin. Hezkuntza Sailaren arabera, jarraipena %45,2koa izan da.
Ikasgeletara itzulera «seguru» eta «adostua» bermatuko duten kontratazioak eta prebentzio neurriak eskatzeko ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGTk gaurko EAEko Hezkuntza alorrean deitu duten grebak %65eko jarraipena izan du langileen artean, sindikatuek eman dituzten lehen datuen arabera. Garraio, jangela eta garbiketa alorretan azpikontratatutako langileak ere batu zaizkio deialdiari.
Bilboko kaleak zeharkatu dituen manifestazioa hasi aurretik, Irati Tobar LABeko bozeramaileak grebaren jarraipena «oso zabala» izango dela iragarri du, «langileen artean %65 ingurukoa», hain zuzen ere.
Adierazi duenez, «ikasle mugimenduak, familiek eta gurasoen elkarteek ere bat egin dute grebarekin. Gaur, berriz ere, ikasgeletara itzultzea segurua eta negoziatua izatea eskatzen ari gara», berretsi du.
Lakuak ezarritako gutxieneko zerbitzuek greba egin dezaketen langile kopurua murriztu dutela salatu du ELAko Miren Zubizarretak, eta horregatik epaitegietara joko dutela, «gehiegizkoak» izan direlako sindikatuen iritziz. Azaldu duenez, ikastetxe batzuetan ikasle bakarra joan da eta lau pertsona zeuden gutxieneko zerbitzuak betetzen.
Gasteiz, Bilbo eta Donostian manifestazioak egin dituzte sindikatuak.
#Hezkuntza | Jangela, garbiketa eta garraio zerbitzuak azpikontratatutako enpresen menpe daude. Lakuako Hezkuntza Saila sektore hauetaz ahaztu egiten dela deitoratu dute. Bilera eskatu zuten eta oraindik ez dute erantzunik jaso. #itzuleraSeguruaetaAdostua pic.twitter.com/rVS7rebsmt
— Ane Urkiri Ansola (@Ane_Urki) September 15, 2020
Hasi da Gasteizko manifestazioa #Greba #Hezkuntza pic.twitter.com/GofYRYHsoM
— Ion Salgado (@Ion_Salgado) September 15, 2020
Lakuako Hezkuntza Sailak, aldiz, jarraipena %45,2ra murriztu du. Ohar batean azaldu duenez, sare publikoko zentroen %48aren datuak besterik ez ditu bildu eta ez du oraingoz grebak itunpeko ikastetxeetan izan duen jarraipenaren berri.