INFO
Entrevista
EKAIN IRIGOIEN
ZUZENDARIA

«Ikuslea pertsonaiak begietara begiratzera derrigortu nahi dut»

Bere ibilbidea telebistan garatu badu ere, Ekain Irigoienek (Donostia, 1981) zinemara jauzia egin du zuzendari gisa ‘Hijos de Dios’ lan luzearekin. Javi eta Romerales kalean bizi dira, Madrilen, eta haien bizipenak jaso ditu. Inork begiratzen ez dituen pertsonok fokuaren azpian jarri nahi izan ditu, eta ikuslea haien begietara begiratzera behartu. Zinemiran estreinatuko da gaur.

Ekain Irigoien zuzendaria, Zinemiran lehiatuko da ‘Hijos de Dios’ lanarekin. (Juan Carlos RUIZ I FOKU)

Urte luzeetako grabaketa lanak daude ‘Hijos de Dios’ filmearen atzean. Lehen urratsak 2014. urtean eman zituen, ‘La cañada de Andrea’ dokumentala amaitu berritan. Tartean ‘Kalebegiak’ (2016) proiekturako filme labur bat egin bazuen ere, geroztik, Madril eta Donostia artean ibili da, joan etorrian, hiri handi erraldoi hartan baitzeuden bere lehen lan luzearen protagonistak: Javi eta Romerales. Kalean bizi diren bi gizon hauekin konpartitu ditu orduak eta hilabeteak, konfiantza sortu eta laguntasun bat eraiki arte. Inork begiratzen ez dituen pertsonak ekarri nahi zituen lehen lerrora, aintzat hartu, ahotsa eman eta argiztatu. Lortu du. ‘Hijos de Dios’ ez da gupida, ez errukia. Gordina da, eta hezur haragizkoa.

Dokumentala eta fikzioaren arteko mugan dantzan dabil gaur Zinemira sailean estreinatzen den lana.

Kalean bizi diren bi gizonen bizitza jaso duzu modu zintzoan, kamera desagertu egiten da. Nola iritsi zinen hori jasotzeko asmora?
Donostiako autobus geltoki zaharraren ondoan bizi nintzen lehen, eta joan etorri asko izaten zen inguru hartan. Egun batean gure atari aurreko bankuan gazte bat agertu zen, eguna hor pasatzen zuen eta lo ere bertan egiten zuen. Ez zuen hitz egiten, eta begirada galdua zuen. Egoera hark inpaktatu egin zidan eta gerturatzeko ausardia batu nuen. Marokoarra zen, eta Alemaniatik zetorren, batek imajinatzen duenaren kontrara. Bere nahia etxera bueltatzea zen. Bidaiatzeko txartela erosi nion eta autobusera igo nuen.

Handik gutxira, New Yorken crack-a kontsumitzen duen jendeari lehenengo planoko argazkiak egiten zituen argazkilari baten erreportajea ikusi nuen, eta bai batekin eta bestearekin halako istorioak kontatzeko beharra ikusi nuen, jende honi argia emateko beharra alegia.

Madrilen kalean bizi diren bi gizon aukeratu dituzu.
Bai, beharrezkoa ikusten nuen hiri handi batera jotzea, halako inguru batek dituen mugimendu eta dimentsioengatik, behar nituen baliabideak eta efektuak ematen zizkidan. Faciam federazioarekin harremanetan jarri, eta haien bidez egin nuen kontaktua Madrilgo zentro ezberdinekin. Haien bidez ezagutu nuen lehenengo protagonista, Javi. Bere bidez ezagutu nuen Romerales, bigarren pertsonaia. Mari Jose, hirugarren protagonista zena, azaletik ateratzen da. Grabaketa prozesuan ginela zoritxarrez zendu egin zen eta lana moldatu behar izan genuen. Oso gogorra izan zen. Pertsona hauen bizitza oso estankoa da eta zinematografikoki egingarria izan zedin, triangeluak mugimendua ematen zidan. Halabeharrez egokitu behar izan nuen.

Zergatik bi etxegabe? Zein helbururekin egin duzu?
Jende hau fokupean jartzea eta batez ere beraien benetako istorioak argitara ateratzea beharrezkoa ikusten dut. Beste aldetik, ikuslegoa pertsona hauei begietara begiratzea derrigortu nahi nuen. Normalean kalean ikusten ditugunean begirada kendu egiten dugu, ez dakit beldurragatik edo aurreiritziengatik den, baina pertsona hauen arima erakutsi nahi nuen, konturatu gaitezen ‘kontxo! Nik hauen bizitza izan banu, agian okerrago nengoke’. Ez genuke nahiko jendeak gaizki begiratzea, edo axolagabetasunaz jokatzea.

Javi eta Romerales estreinaldian izango dira, Donostian. Nor da nor?
Javik txikitatik oso motxila astuna izan du, harriz betetako motxila handi batekin jaio zen. Bere amak abandonatu egin zuen jaio orduko eta adopzioan hartu zuten, baina ama hura hil egin zen 10 urte zituela. Aitak abandonatu nahi izan zuen eta hori ikusita etxetik hanka egin zuen. Ondoren etorri ziren kalea, lapurtu behar izatea eta kartzela, besteak beste. Elur bola bat. Pisu gehiago eta gehiago hartzen doan elur bola handi bat.

Inork ez luke jakingo nola kudeatu egoera umetatik horrelako bizipen batzuekin jaioz gero. Horregatik aukeratu nuen. Nahi nuen islatu egoerak berak edonor jar dezakeela kalean, eta kalean betirako.

Romarales bestalde oso pertsona ezberdina da. Ciudad Realen jaiotakoa, familia errepublikarra zen eta gaztaro oso gogorra izan zuen. Lan bat beste batekin kateatuz, Espainia osoan zehar ibilitakoa da, Madrilen gelditu zen arte. Oso alaia da, eta berak esaten duen moduan, oso bizitza alaia eraman du, eta alaitasun horren ondorio da bera orain kalean egotea. Bera oso pertsona zintzoa da, tolesturarik gabe, ez du errukirik eskatzen, eta badaki bere bizitzan aukerak berak egin edo desegin dituela, eta ez da damu. Ezagutzen duenak badaki hori. Bizitzaz asko daki eta filosofo puntu hori badu.

Nola planteatu zenuen filmatzea?
Hasteko, barneratu nuen pazientzia izan behar nuela, itxaroten jakin behar nuela. Esan dut bizitza estankoak dituztela eta ez nuen nahi kanpotik artifiziorik erantsi, ezta gidoi landu bat zehaztu. Ez nuen istorioa nik nahiko nukeen ildoetatik eraman behar, beraiek gidatu behar zuten. Nik egoerak sortu bai, baina ‘aginteak’ nolabait esatearren, beraiena izan behar zuen. Errealitatetik ahalik eta gertuen egotea zen helburua, eta lortu dut. Kontziente nintzen gauzak gertatu arte itxaron beharko nuela, eta horrela joan zaizkigu bost urte.

Romerales eta Javik egunerokoa elkarriekin egiten dute, edo pelikula egiteko izan da?
Gauzak modu naturalean nahi nituen jaso eta pelikula dokumentala eta fikzioaren arteko muga hauskor horretan mugitzen da. Gertatzen den guztia egia da, beraien arteko harremanak eta abar egia dira, baina Javi adibidez zentro batean ezagutu nuen. Lehenago bai, Javik urte asko egin zituen Romeralesekin kale gorrian bizitzen, beraz, errealitatearekin baino gehiago, denborekin jolastu dut. Iritsi nintzen momentu hura ez zen Javi kalean bizi zenekoa: egin dudana izan da Javi ‘kalera bueltatu’, zituen laguntasun haiei hautsak kendu eta berriro Javi kalean biziarazi nolabait. Gauetan zentrora eramaten nuen, han bizi baita gaur egun.
Dituzten kezkak unibertsalak dira, eta horiek ere batzen gaituzte. Heriotza, bizitza, familia, galerak, bakardadea…

Beraiek sortutakoa izan da hori guztia. Planteatu nizkien beraien bizipenekiko egoerak, baina azkenean mundu guztiaren bizipenek heriotzarekin, bizitzarekin, galerekin eta beldurrekin zerikusia dute. Heriotzari ez diote beldurrik, Javik bai ordea, eta handia, bakardadeari, Romeralesek ez bezala. Berak momentua bizi du, iraganetik irakaspenak ditu eta aurrerago etortzeko dagoena ez zaio axola. Eta neurri batean badu gainontzekoei zer erakutsi: etorkizunean gauzak proiektatzeak ere ez duela zentzu handirik…