INFO

Ikasleen gurasoek Salburuako ikastetxean pairatzen dituzten murrizketak salatu dituzte

Salburuako ikasleen senideek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Gasteizko ikastetxeko atarian, zuzendariak eta ikasketa buruak, murrizketei aurre egiteko, haien eginbeharrak alboratu eta haur hezkuntza eta gorputz hezkuntza irakasle postuak hartu ostean.

Ikasleen senideek elkarretaratzea egin dute Salburuako ikastetxearen atarian. (@ion_salgado)

Salburuako eskola kontseiluak zuzendaritza taldeak euren eginbeharrak, denbora batez, albo batera uztea erabaki zuen, murrizketei aurre egiteko neurri gisa. Modu honetan, haur hezkuntzan eta gorputz hezkuntzan zeuden hutsuneak bete ahal izango dituzte. 

Gaur goizean, ikastetxearen atarian, murrizketa hauek salatzeko elkarretaratzea egin dute: «Izurriteak baldintzaturiko egungo egoeran, ikasturte hasiera oso zaila ari da izaten: taldeen arteko isolamendua mantendu beharra, sarrera eta irteeren kontrola, distantziak bermatzea, sintomak dituzten ikasleen isolamendua...», adierazi dute.

Lakuako Hezkuntza departamentuak osasun krisiari aurre egiteko langile gehiagoren beharra aitortu arren, hauek ez direla iritsi jakinarazi dute ikasleen senideek. Hori gutxi balitz, iaz baino bi irakasle gutxiago daude ikastetxean. Jakinarazi dutenez, zuzendaritzak haur hezkuntza eta gorputz hezkuntza sortutako hutsuneak betetzeko kudeaketa abiatu zuen irailaren hasieran, baina ez dute erantzunik jaso. Honela, zuzendariak eta ikasketa buruak beteko dituzte hutsune hauek, haien ohiko eginbeharrak albo batera utziz. Honela segiko dute konponbidea topatu bitartean.

Elkarretaratzean, era berean, 700 ikasle dituen arabar hiriburuko ikastetxean bai zuzendariaren, bai ikasketa buruaren lanak duen garrantzia nabarmendu dute.