INFO
Entrevista
AMAIA MERINO
ZINEGILEA ETA MUNTATZAILEA

«Egiaren aitorpenik ez badago ezinezkoa da zauriak ixtea»

Miguel Angel Llamas ‘Pittu’-rekin batera ‘Non dago Mikel?’ aurkeztuko du Amaia Merinok (Donostia, 1972) Zinemaldian, Mikel Zabalzaren atxiloketaren osteko 23 egunak eta argitu gabeko heriotza hark euskal gizartean eragin zuen zirrara eta mina islatzen dituen pelikula. Irizar Sariaren lehian ariko da.

Amaia Merino. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Lantaldearen garrantzia azpimarratu du Amaia Merinok. Mikel Zabalzarena bezalako heriotzaren kontakizunari heltzeko lantaldeak behar duen irmotasuna, gertutasuna, gizatasuna. 1985an, Intxaurrondon torturatua izan ostean Bidasoa bazterrean azaldu zen Zabalzaren gorpua. ‘Non dago Mikel?’ filmak, atxiloketaren osteko 23 egunen errepasoa egiten du.

35 urte igaro dira Mikel Zabalzaren gorpua Bidasoa bazterrean agertu zenetik. Ze zama utzi digu heriotza hark?
Zama izugarria. Ez dut inor topatu zertan ari garen esan eta hunkitu edo zirrara sentitu ez duenik. Bereziki gogorra izan zen eta denok dugu oroimenean, bizi izan ez zutenek ere badute haren berri, oso dramatikoa izan zelako. Mikel Zabalza Gogoan Herri Ekimenak pentsatu zuen garrantzitsua zela gertatutakoaren inguruko dokumentala osatzea, eta Pitturi eskatu zion. Hainbat ikerketa eta grabaketa egin zituzten eta 2017an, ni Ekuador-en bizi nintzela, Pittu nirekin kontaktuan jarri zen proiektuari bultzada berri bat eman eta muntaketan eskarmentua zuten norbait nahi zutelako. Hasieratik iruditu zitzaidan oso ideia ona, eta 2018an hasi ginen elkarrekin lanean.

Dokumentala osatzeko torturatuen eta iloben testigantzak bildu dituzue, baina asko dira garaiko irudiak. Dokumentazio lan bat egon da hor, baina muntaia lana ere.
Pelikulan agertzen ez diren hainbat grabazio egin ziren eta ETBren artxiboko irudiak ere lortu zituzten. Gure lana izan zen dena ikusi, berrikusi, aztertu eta aukeraketa egitea, erabakitzea zerekin geratuko ginen dokumentala osatzeko.

Kasu horietan, metrajearen mesedetan irudiak bazterrean uztea izaten da zailena...
Bai, bai, hainbeste material geneukan hasieran oso zaila izango zela iruditzen zitzaigula baina, egia esan, nahiko azkar konturatu ginen nondik jo behar genuen guk eman nahi genuen mezua osatzeko.

Eta zein zen mezu hori?
Hori ezin da esan (barreak). Zuk egiten duzu pelikula bat intentzio batekin eta pertsona bakoitzak ikusiko du ikusten duena. Baina zuk beti behar duzu izan helburu bat lan batekin.

Pelikulan ikusleak alde bietako diskurtsoak jasotzen ditu, eta bere gisa geratzen da agerian zelako zuloak zituen kontakizun ofizialak.
Garrantzitsua zen belaunaldi berriek hemen zer gertatu zen gogoratzea. Familiak ere hori nahi zuen: ez zedila ahantzi. Orduan, guk esan genuen: lortzen badugu jendeak 23 egun haiek nola bizi izan ziren protagonisten ahotik entzun eta ikustea, sentsazio horiek berbizitzea eta bertsio ofizial hori, Estatutik esan zituztenak eta abar, nola iristen zitzaizkigun ikustea, ongi goaz. Ez genuen informazioa eman nahi, horretarako egunkariak eta liburuak baitaude; zinemak ematen dizkigun tresnak erabili nahi genuen sentimenduetara, enpatiara iristeko. Eta hori da ‘Non dago Mikel?’.

Desagertzetik 20 egunera Mikelen gorpua Bidasoa ibaian agertzeak mesfidantza sortu zuen. Euskal gizarteak ez zuen amua irentsi. Hori islatzea garrantzitsua zen zuentzat.
Bai. ‘Nola bizi izan genuen’ esaten dugunean, ‘genuen’ horretan denok sartzen gara: familia, torturatuak eta atxilotuak, belaunaldi berriak… gu, herri bezala. Manifestazio horietan ikusten ditugun horiek, ‘gu’ gara. Herriak 23 egun horietan nola jokatu zuen erakutsi eta berbiziaraztea funtsezkoa zen.

Dokumentala ilobek irekitzen dute. Haien bidez, bizipen mingarri hauez zein gutxi mintzatu izan den azaleratzen da. Agerikoa da zama hori belaunaldiz belaunaldi transmititu dela.
Bai, zama belaunaldiz belaunaldi transmititu da familian, eta baita gizartean ere. Kristoren zama daramagu gainean. Ez dago inor ‘zein gogorra izan zen…’ esaten ez dizunik. 20 egun pasa ziren gorpua agertu zen arte, eta 1985an ez genituen medioak etxeko sukalderaino sartuta, ETB ere nahiko berria zen… egunez egun bizi izan genuen hura, zer esaten zuten batzuek, zer besteek... Dramatikoa izan zen, kasik tragedia bat, bagenekielako gaizki bukatuko zela.

Torturatuen ahotsak 80ko hamarkadako Intxaurrondora garamatza. Zabalzarekin batera atxilotu zuten Ion Arretxek tortura gogorrak kontatzen ditu, eta horien gaineko hausnarketa sakonak dakartza. 35 urte pasa badira ere, hunkituta amaitzen du kontakizuna. Zauriak ez dira itxi?
Egiaren aitorpenik ez badago, zer gertatu zen esaten ez bada, ezinezkoa da zauriak ixtea. Ez da posible. Uste dut Ion Arretxeren irudi horrek adierazten duela ni orain esaten ari naizena. Ionenak esperientziaren hitzak dira, asko hausnartu zuen Intxaurrondon bizi izandako egun haietaz eta gogoeta horiek ez dira pentsamendu hutsak, bizitzaz betetako pentsamenduak dira, esperientziaz beteak. Horregatik dira horren bereziak.

Kredituetan aipatzen duzue Euskal Herrian jazotako tortura kasu horietatik 4.000 inguru bildu direla EAEn eta Nafarroan mila kasu daudela kalkulatzen dela, baina ez dela bilketa lan ofizialik egin. Ze garrantzia luke testigantza horiek biltzeak? Lagunduko luke zauriak ixten?
Horren inguruan bagenuen zalantza bat: gaurko egunetik ikusita, iraganeko kontua dirudi pelikulan kontatzen ari garenak. Baina ez. Guretzat oso garrantzitsua zen gaurko egunera ekartzea, testuinguruan jartzea. Halako pelikulak ikusten dituzunean, horren gogorra dira non batzuetan nahiago duzu ikusitakoa ahaztu, edo ez dakizu zer egin informazio horrekin. “Nik horren aurrean zer egingo dut?”, galdegiten diozu zure buruari, eta agian nahiago duzu ahaztu. Horregatik jarri behar genuen testuinguruan eta mahai gainera ekimen bat ekarri: EAEn egindako ikerketa hori bera Nafarroan gauzatzea, hori izan daiteke gu guztion artean bultza dezakegun ekimen bat, positiboa eta sendatzailea.

Filma mezu baikor batekin amaitu nahi izan duzue: gezurra orri bustietan geratzen da, baina egiak biziraun egiten du.
Bai, dokumentazio fasean gertatzen diren altxor horietako bati esker: iloben artean ari ziren hitz egiten eta gogoetatzen, eta hausnarketa hori beraiei irten zitzaien. Garrantzitsua zela uste izan genuen, pelikularen ondorioetako bat baita. Une polita eta potentea izan zen.

Dokumentala eginda, ze sentipen geratu zaizu? Ze ideia, buruan bueltaka?
Pelikula bat egitean gaian murgildu egiten zara, eta nik inpunitatean pentsatu dut asko, zen arriskutsua den gaiztakeriak egin ahal izateko. Inpunitatearen desegokitasun erraldoi hori geratu zait.