INFO

Oihane Bakedano, Hernanira aske 18 urtez espetxeratuta egon ondoren

Guardia Zibilak atxilotu zuen 2002. urtean eta geroztik espetxean egon da Oihane Bakedano Maidagan, ia beti urruti eta tarteka bakartuta. Gaur goizean gelditu da aske, Madrilgo Soto del Realen, duela zenbait hilabete Logroñora eramango zutela iragarri zen arren.

OIhane Bakedano, Sotoko harresiak atzean utzita. (Etxerat)

Hamazortzi urte kartzelaldia bururaino agortuta, gaur goizean aske gelditu da Oihane Bakedano Maidagan hernaniarra. Soto del Realen izan da, eta bertara hurbildu dira senide eta lagunak, herrira laguntzeko.

2002. urtean atxilotu zuen Guardia Zibilak, Donostiako Egia auzoan, ETAko kide izatea egotzita, eta Aizeti Fernandezekin batera espetxera bidali zituen Auzitegi Nazionalak. Urriaren 3an gertatu zen hau: hamazortzi urte kartzelan betetzear zegoen beraz.

Torturak jasan izanaren susmoa frantziar epaitegiek ere agertuko zuten lau urte beranduago: Ekain Rodriguez Espainiaratzea ala ez aztertzen ari zela, Bakedanok atxiloketaren ostean tratu txarrak jasan ote zituen galdetu zion Estatu espainolari, Auzitegi Nazionaleko Ismael Moreno epailearen haserrea eraginez.

Urruti-urruti eman ditu Bakedanok espetxealdiaren urte gehienak. Jaenen, gainera, bakartuta zegoela salatu zuen Etxeratek 2012an.

Urtarrilean Andaluziatik Logroñora ekarriko zutela adierazi zuen Espetxe Zuzendaritzak, baina hasierako asteetan ez zen gauzatu eta pandemia etorri zen gero.

Hori dela eta, azkenik Soto del Realen berreskuratu du askatasuna Oihane Bakedanok, oraindik ere etxetik 400 kilometro baino gehiagotara.