INFO

Sarunas Bartas: «Lurretik bonbak atera eta nola funtzionatzen zuten erakusten zidan aitak»

Gerraosteko Lituaniara garamatza Sarunas Bartas-ek ‘Sutemose/In the Dusk’ filmean. Sobietarren okupazioari aurre egiten dion Unte gaztearen begietatik ezagutuko ditu ikusleak gerraren bortizkeriaren muturrak.

‘Sutemose/In the Dusk’ filmeko lantaldea. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Gerran ez dago ez onik ez txarrik. Izatekotan, ideia ezberdinak defendatzen dituzten pertsonak daude, gaizkia eta ongia, biak egiteko gauza direnak. Eta gerraostea ez da ezberdina izaten. Gerraren itzal luze hori erakustaraztera dator Sarunas Bartas lituaniarraren ‘Sutemose/In the Dusk’, Zinemaldiko Sail Ofizialaren barruan astearte honetan aurkeztu den filma.

Bigarren Mundu Gerraren ostean larru gorritan geratu den Lituania marrazten du Bartasek, pobrezia eta gosea nagusi diren lurralde errea, eta Unte gaztearen begietatik erakusten dizkigu gerraosteko miseria eta gehiegikeriak. Sobietarren okupazioari aurre egiten dion mugimendu partisanoko kide da Unte, baina gehiegikeria eta injustiziak bando bietan daudela ikasiko du.

Aurreko filmetan, gai garaikideak hartu izan ditu begian zuzendari lituaniarrak, baina kasu honetan denboran atzera egin eta 1948ko Lituaniara darama ikuslea, «nire historia, nire herriaren historia delako», azaldu du prentsaurrean. Bera XX. mendearen erdialdean jaio zela esan du, «azken partisanoa hil eta berehala», eta 6 urte zituenetik bere arbasoek gerra garaiko historioak kontatu dizkiotela azaldu du. «Subiranotasunaren kontrolpean urte asko bizi izan ginen eta ikaragarria izan zen gerra galtzea, gure independentzia galtzea», adierazi du, eta horren gaineko pelikularik lehenago egin ez badu «hurbilegitik ukitzen ninduelako» izan dela argudiatu du, «oso mingarria baita niretzat honi buruz hitz egitea».

Sasiabertzaletasun faltsua

Gerraosteko Lituaniako giroa «berezia» zela azaldu du Bartasek. Gerra garaian alemaniarrek eta errusiarrek okupatu zuten herrialdea, «etengabeko gudu-zelaia» zen Lituania, eta giro horretan tortura eta goseteak eguneroko ogia zirela ohartarazi du. «Bi aldeetan egon ziren torturak. Garai gogorrak izan ziren, gordinak, eta jendea… jendea jendea da. Nik ‘sasiabertzaletasun’ hori erakutsi nahi nuen, neronek ‘sasiabertzaletasuna’ denik uste ez dudan arren», esan du. Izan ere, bando jakin batean dauden pertsonak baino, bizirautearen alde egiten dutenak erakusten ditu filmean Bartasek.

«Herrialdea okupatu egin zuten, baina ez zen ezer aldatu. Espetxe bat zen, Altzairuzko Teloia ere hor zegoen, gure gazteek ezin dute imaginatu ere egin zer gertatu zen», gaineratu du, eta haurtzarotik gertakari horiek oso gertutik bizi izan zituela eta bere baitan daramatzala ere azaldu du, oroitzapen zenbait prentsarekin partekatuz: «Fronteak gure etxeak zeharkatzen zituen, etengabe aurrera eta atzera ibiltzen ziren. Bonbak zeuden gure etxe inguruan, lurrean sartuta. Gerra garaiko bonba gerakinak ere bai. Aitak hartu eta nola funtzionatzen zuten erakusten zidan, artean 6-7 urte nituela. Giroa ez zen gehiegi aldatu ondoren, Sobiet Batasunak ere okupatu gintuelako. Gure kasua ez zen Alemaniarena bezalakoa izan, Bigarren Mundu Gerraren ostean hura berreraiki egin baitzuten, baina Lituania ez. Garai gris-gris-grisak bizi izan genituen 50 urtean».

Bere anaiaren heriotzaz ere hitz egin du. «Nire anaia 17 urterekin hil zen. Preso eramaten zituzten fusilatzeko, eta bera ere hartu eta eraman egin zuten. Beraz, ni uneoro kezkatuta nengoen», azaldu du Bartasek, eta bere begiez ikusitakoez gainera arbasoek kontatutakoak gogoan gorde dituela gaineratu du. «Adi egoten nintzen xehetasunei, zer gertatu zen jakin nahi nuelako. Anaiarenaren ostean, nire aitonak ikuspegi zabalagoa eman nahi zidan eta gauza asko azaltzen zizkidan», esan du.

Gezurren sakonera

Pelikulan, Unteren aitaordeak gezurrek dakarten zamaz ohartarazten du gaztea. Eszena horren inguruan ere mintzatu da zuzendaria. «Gezur asko esan ditu bere bizitzan, emaztearekin duen harremana ere gezur batean dago oinarritua eta, beraz, semeordeari gauza bera ez egiteko aholkatu nahi dio», esan du. Bartasen hitzetan, askotan pertsonok ez dugu denborarik hartzen egiak azaltzeko edo ezkutatu egin ohi ditugu, beldurragatik. «Zenbat jende ezagutu ote dudan ‘ene, zergatik ez ote dut hau galdetu?’ esaten duena, argi hitz ez egiteaz eta gezurretan murgilduta egoteaz damu dena… Aitaordea saiatzen da jende eta gobernu ezberdinen aurrean men egiten, eta semeordeari gauza bera ez egiteko esan nahi dio, sekula ez delako jakiten gezurrak ze sakontasunera eramango zaituen».

Lituaniako neguan filmatzearen zailtasunaz ere mintzatu da Bartas. Filmatu duten eskualdean negua arinagoa izaten den arren eta azken 10 urtean elurrik egin ez badu ere, «guri egunero egin zigun elurra, izotza zegoen errepideetan eta batzuetan ez genuen hura kentzeko astirik ere». Izotzagatik dozena bat istripu izan zituztela eta hiru gurdi hautsi zituztela ere esan du. «Hotzetik babesteko edukiontzi handia genituen kanpalekuetan, ez da erraza izan horrelako eguraldiarekin filmatzea», ziurtatu du.