INFO

Baikoko pilotarien gehiengoak egoera «bideratzen eta aldatzen laguntzeko» eskatu die erakundeei

Salatzen dutenez, irailaren 15ean egindako deialdiak «bi erantzun» jaso ditu enpresaren partetik: «erabateko isiltasuna» eta Unai Lasorekin «kontratu berri bat negoziatzeko borondate eza». Diotenez, Jose Ramon Garairen «jarrera diktatoriala» ez da aldatu.

Pilotariek irailaren 15ean eskaini zuten prentsaurrekoaren irudia (Gorka RUBIO / FOKU)

Baikoko pilotarien gehiengoak prentsa ohar bat kaleratu du asteazken honetan irailaren 15ean salatu zuten egoerak berdin edo okerrago jarraitzen duela jakinarazteko eta pilota munduko erakundeei hori «bideratzen eta aldatzen laguntzeko» eskatuz.

Ohar horretan Jose Ramon Garairi egindako eskaerak gogoratu dituzte, enpresako arduradunak gauzak bideratzeko inolako asmorik ez duela erakutsi salatuz. «Astebete baino gehiago igaro ondoren, bi erantzun jaso ditugu bere aldetik. Lehenengoa: erabateko isiltasuna, portaera aldatuko ez duela agerian utziz, ez kirol arloan, ezta tratu pertsonalean ere. Bigarrena: gure lankide batekin, Unai Lasorekin, kontratu berri bat negoziatzeko borondate-eza».

Pilotarien ustez, Lasorekin gertatu dena «ulergaitza» da, «pilotari hori, denboraldi berria hasi zenetik, txapelketa ofizialetan gure enpresako pilotaririk onena izan denean (hirugarren postua lau t'erdiko txapelketan, eta, gaur egun, binakako txapelketako finalerdietan)».

Gaineratu dutenez, Jose Ramon Garairen jarrerak «aldatu beharrean, orain arteko bide autoritario beretik jarraitzen duela ikusten dugu. Pilotariok erabat babesgabe sentitzen gara jarrera diktatorial honen aurrean».

Horregatik, eta beste neurri batzuk hartu aurretik, pilotariek dei egin diete erakundeei gatazkari irtenbidea bilatzen laguntzeko. «Eusko Jaurlaritzari, Bizkaiko Foru Aldundiari, EITBri eta gure kirolarekin elkarlanean diharduten gainerako erakunde publikoei hau bideratzen eta aldatzen laguntzeko eskatzen diegu, mesedez».

«Guk pilotan jokatzen jarraitu eta hainbeste maite dugun kirol hau defendatu nahi dugu, baina gutxieneko tratu duina jasoz, Jose Ramón Garai zuzendari nagusiaren eskutik orain jasotzen ez dugun hori», eskatu dute kirolariek.

«Hau guztia laster aldatzea espero dugu; guztion onerako, baina, batez ere, gure kirolaren onerako», dio oharrak amaitzeko, sinatzaileen izenak aipatuz: Asier Agirre, Jon Alberdi, Jon Ander Albisu, Aitor Aranguren, Andoni Aretxabaleta, Axier Arteaga, Iñaki Artola, Joanes Bakaikoa, Oinatz Bengoetxea, Jon Erasun, Mikel Larunbe, Jon Mariezkurrena, Jon Ander Peña, Ruben Salaverri, Beñat Urretabizkaia eta Ibai Zabala.