Iratxe Ansa gipuzkoarraren proposamen berriak irekiko du Dantzaldia jaialdia
Bi hamarkadako ibilbidea egina du dagoeneko Dantzaldiak, Bilboko nazioarteko dantza jaialdiak, eta 21. edizioa ostegun honetan irekiko du Iratxe Ansaren proposamen berriarekin. Abenduaren 18ra bitartean dantza garaikidearen joera berriak ekarriko ditu Bilbora.
Bilbo dantzaren hiriburu bilakatuko da ostegun honetatik abenduaren 18ra bitartean Dantzaldia, Bilboko dantzaren nazioarteko jaialdiari esker. Flamenko berritik hasi eta familia osoarentzat pentsatutako proposamen koloretsuetaraino, jaialdiak dantza garaikidearen joera berriak oholtzaratuko ditu Bilboko eszenatoki ezberdinetan. Izan ere, emanaldiak Guggenheim museoak, Alondegiak, BBK Aretoak, Ensanche eraikinak, Bizkaia Aretoak eta jaialdiaren sustatzaile eta antolatzaile de Deustuko La Fundicion aretoak hartuko dituzte.
Ostegun honetan irekiko da Dantzaldia, Iratxe Ansa gipuzkoarraren proposamen berriarekin. Igor Bacovich-ekin batera sortu duen Metamorphosis Dance proiektuarekin dator jaialdira, ‘Entangled Echoes’ ikuskizun berria aurkeztera. Irailaren 26 eta 27an Dinis Machadoren ‘Consubstantiation’ queer performancea hartuko du La Fundicion aretoak eta urriaren 18an izango du segida jaialdiak, BBK Aretoan, Leonor Leal-en ‘Nocturno’ lanarekin: musikari bik eta bailaora batek fantasiazko ibilbidea onduko dute.
Azaroaren 21ean beste bailaora bat, kasu honetan Ana Morales, izango da protagonista. Guggenheim museoan ‘Sin permiso’ eskainiko du, Lorca sarietan emakumezko flamenko dantzari onenaren eta flamenko ikuskizun onenaren sariak irabazi zituen lana. Sevillako jaialdian dantzari onenaren Giraldilloa ere eskuratu zuen.
Abenduan Bilbo osora hedatuko dira ikuskizunak. Hilaren 3an, EHUko Bizkaia Aretoan Toni Jodar-en ‘Hitzaldi dantzatuak I eta II’ izango dira eta, hilaren 1ean, Compagnie Wang-Ramirez-ek ‘W.A.M. - We are monchichi’ pieza hartuko du Alondegiak. Jaialdia La Fundicionera itzuliko da 12 eta 13an, Elena Cordobaren ‘Nacimiento de la bailarina vieja’ hartzeko, eta hilak 18an Zabalguneko Merkatuan lau pieza labur eskainiko dituzte Colectivo Glovo, Lasala, Zum Zum Teatre eta Julia & Alexak.
Jaialdia osatzeko, EHUko Arkitektoen Elkargoarekin elkarlanean ‘Zinema (eta dantza) hiriak’ zinema zikloa izango da urriaren 28an Elkargoan bertan eta Aresti dantza eskolan sortzaileekin zenbait masterclass ere izango dira.
Egitarau osoa eta ordutegi zehatzak Dantzaldiaren webgunean kontsulta daitezke.