INFO

Girona, hezur gogorregia IDK Euskotrenentzat (63-81)

Meiya Tirerak lan aparta eginagatik, talde katalanak donostiarrak baino eskilara maila bat gorago dagoela erakutsi du. Hirukoetan zorrotz, erreboteetan nagusi, laurden guztiak bereganati dituzte Joan Gascara hurbildu diren zaleen aurrean.

Meiya Tirera ederki aritu bada ere, Gironaren defentsak itota amaitu du berak ere. (Juan Caros RUIZ / FOKU)

IDK EUSKOTREN 63 - SPAR GIRONA 81

Josean Gasca pabilioian jendea eta Emakumeen Endesa Ligako bigarren jardunaldian, estreinaldia Azu Muguruzak zuzenduriko jokalarientzat. Garaipenaz ekin badio ere 2020/21 denboraldiari talde donostiarrak, larunbat hontan hezur gogorregia aurkitu du bidean. Egia da Spar Gironak garai batetik hona jokalari garrantzitsuak galdu dituela, baina oraindik ere badu nahikoa dinamita zeinahi aurkariri buruko min galantak emateko.

Dela Sonja Vasic hegaleko serbiarra –Petrovic zuen ezkondu aurreko abizena, ia nerabea zela Bartzelonako Universitari desagertu hartan debuta egin zuenean–, dela Frida Eldebrink eskolta suediar arriskutsua, dela Julia Reisingerova erraldoia, Laia Palau edo Maria Araujo. Hainbeste dohain dituen aurkari horren aurrean ahaleginak eta bi egin ditu IDK Euskotrenek, baina ez du irabazteko aukerarik ere izan; are gehiago, lau laurdenetan galtzaile izan da.

Talde katalanak aurreneko laurdenetik ezarri du bere legea. Azu Muguruzarenek erauntsia eusten nahia lan izan dute, ez dela gutxi, baina beti atzetik joan dira, nola jokoan hala markagailuan. Meiya Tirera fitxaketa berriak lan aparta burutu du, baina kanpoko erreferenterik ez du izan talde donostiarrak –Delaere belgiarra akaso, baina partida behin apurtu ostean–, eta orekarik gabe, jai dago Spar Girona lako talde baten aurrean.

Atsedenaldira 39-49 iritsi da partida, apurtu gabe artean, neurri handi baten katalanak kanpoko jaurtiketetan asmatu ezinik aritu direlako. Vasicen eskumuturra orduan berotu da ordea. Hirugarren laurdena 6-2ko partzial batekin ekin badio ere talde donostiarrak, Vasicen hirukoek errebotean Gironak erakutsi duen nagusitasunak –26 donostiarrentzat, 33 Gironarentzat– beste astindu bat eman dio neurketari, eta aldea berriz ere hamar puntuz goitik joan da aitaren batean. Paola Ferrarik eman dio amaiera hirugarren laurdenari eta ia baita partidari ere: bere hirugarren hirukoari esker markagailua 50-66 laga baitu.

Bistakoa da IDK Euskotrenek oreka apur bat gehiago behar duela bere jokoan, barrutik erreferente bikainak baititu Tirera –16 puntu–, Toch Sarr –12– eta Gladkovarekin, baita Maria Eraunzetamurgilek eskaintzen duen laguntzarekin. Aldiz, kanpoko jaurtiketan hankamotz aritu dira donostiarrak: 12 saiakeratik 2 bider bakarrik asmatu dute etxekoek; 23tik 11 aldiz bisitariek, Vasic, Ferrari eta Eldebrinken eskutik batik bat. Gironaren aldea 22 puntura ere iritsi da, baina azken orduan apurtxo bat apaindu ahal izan dute bederen Azu Muguruzarenek.