Armenia-Azerbaijan, elkar (eta besteen) arteko gorroto «kaukasiarra»
Nagorno-Karabajeko lurralde-auzia dago azken hamarkadetako Azerbaijanen eta Armeniaren arteko liskarren eta egungo gerraren atzean. Gorrotoa, hala ere, aspaldikoa da eta Kaukasoaren historia aztoratuan. Eta ez da bakarrik bi aldeen artekoa. Turkiaren eta, nola ez, Errusiaren papera, atzo eta gaur, ezinbestekoa da auzia ulertzeko.
Azerbaijan eta Armenia Sobietar Batasuna (SESB) zenaren errepublika kaukasiarrak ziren eta batak besteari aspaldiko gorrotoa diote.
Egungo talka eragin zuen auzia territoriala da eta Nagorno-Karabaj du izena. Gehiengo armeniarra duen lurraldea Azerbaijanen barnean utzi zuen bere garaian Josef Stalin autokrata sobietarrak. Bera kaukasiarra izanik –georgiarra– 1921ean Nazionalitateen komisario zenak ez zuen inolako buruhausterik izan lur eta herritar trukaketak egiteko izugarrizko puzzle etnikoa eta erlijiosoa zen eta den Kaukasoan.
Horrela, bada, SESBa desegin zenean armeniarrek ordura arte Azerbaijanen lurralde autonomoa zen Nagorno-Karabajen independentzia aldarrikatu zuten eta Artsaj Errepublikaren sorrera iragarri zuten.
Ondorengo gerrak 30.000 hildako eta ehunka mila errefuxiatu eragin zituen. Armeniaren laguntzarekin, karabajtarrek Azerbaiyango hainbat herri bonbardatu, hustu eta «segurtasun eremua» eraiki zuten.
1994an su-etena lortu zuten Errusiak eta AEBek baina ordutik hona ez da bakea lortu eta noizean behin liskarrak izaten dituzte bi aldeek. Azken boladako larrienak 2016ko apirilean izan ziren eta ehundik gora hildako eragin zituten.
Barne arazoak
Azerbaijanek eta Armeniak sarritan erabili izan dute liskar hau barne-arazoak estaltzeko.
IV. mendetik kristaua den Armeniaren historia korapilatsua da oso. Herrialde pobrea da eta 1991etik makina bat protesta eta matxinada ezagutu ditu… errepresioa eta auzitan jarri diren hauteskundeak oso ohikoak izan dira eta klientelismoa eta autoritarismoa nagusitu dira.
Hala ere, 2018ko udaberrian, matxinada baketsu batek Nikol Pachinian altxatu zuen boterera. Egungo lehen ministroak demokraziaren aldeko eta korrupzioaren aurkako neurriak iragarri ditu eta Errusiaren babesa utzi gabe eta Mendebaldeari keinu egin dio.
Azerbaijanen ez da horrelakorik gertatu. Kaspioko itsasertzean kokatzen den lurralde xiian familia-dinastia batek agintzen du 1993tik. Urte hartan, KGB sobietarraren generala zen Heydar Alievek boterea hartu eta era gordinenean mantendu zuen 2003ko urrira arte. Hilzorian, bere seme Ilhami pasa zion lekukoa.
Bere aitak irakatsi zionari jarraituz, Ilham Alievek ez du oposizio-izpirik ere onartu. 2017an, bere emaztea, Mehriban, presidente-orde izendatu zuen.
Errusia, Turkia eta genozidioa
Turkiak inoiz ez du ezkutatu Kaukasoan eta Erdialdeko Asian handinahi geoestrategikoak duela. Tribu turkiarren jatorria Asia ekialkeruntz dago eta XIX mendean Kaukasoa Otomandarren eta Errusiako inperioen talka-eremu izan zen. Errusiaren kolonizazio-prozesu odoltsutik ihesean Kaukasoko hainbat herrialde musulmanek Turkian aurkitu zuten babesa.
Egun, Turkiak Azerbaijan herrialde turkofonoa bihurtu du bere aliatu nagusi. Azeriarrak xiiak izanik –Turkian sunia da gehiengoa–, adiskidetasun hau armeniarren aurkako gorrotoan du oinarria. Azerbaijanek duen hidrokarburo baliabideak ahaztu gabe, noski.
Armeniarren Turkiarekiko gorrotoa ez da apalagoa, sekula ez baitute ahaztu bere herriaren aurka Lehen Munduko Gerran Otomandar inperioak egin zuen genozidioa (1.5 milioi hildako). Ankarak genozidio terminoa ukatzen du eta «bi aldeen sarraskiak» izan zirela dio.
Hala ere, herrialdearen potentzia eraginkorrena Errusia da. Moskuk harreman hobeak ditu Armeniarekin eta Azerbaijanekin baina bi aldeei saltzen dizkie armak.
Armeniak bere etsaiak baino gehiago behar du Errusiaren babesa. Ordainetan, SESBaren ondoren Errusiak eratu dituen itun politikoen, ekonomikoen eta militarren kide da Armenia.
Petrolioa versus diaspora
Petrolioaren haritik, Azerbaijan mundura zabaldu da, batez ere Mendebaldera, barnean nepotismoa eta autoritarismoa mantentzen duen bitartean. Koronabirusagatik atzeratu behar izan zen Euro-2020aren futbol partidak hartuko ditu ospatzen denean eta Formula 1aren Grand Prixaren egoitza erosi zuen 2016an.
Errusiaren hidrokarburoen alternatiba gisa aurkezten du Azerbaijanek bere burua Europan.
Armeniak ez du urre beltzik eta munduan zehar duen diaspora erabiltzen du bere interesak defendatzeko. AEBetan, Estatu frantsesean… itzal handia duten eta jatorriz armeniarrak diren pertsonai famatu asko daude, gehienak otomandarrak ihesarazi zituen errefuxiatuen ondorengoak.