Osasun egoerari so eginez azaroan 15. laborantza azoka egiteko lanean darraite Lurramako antolatzaileek
Covid-19ari aurre egiteko bata bestearen atzetik murrizketak agindu dituzte azken asteotan frantses osasun arduradunek. Horrek zinez zaildu du Lurramaren antolaketa. Izan ere, azokaren 15. urtemuga ospatzeko nahikeria berretsi dute gaur ekimen horren antolatzaileek. Molde batean edo bestean «Biharko mundua gaurko hautua» aurtengo azokaren leloak aditzera ematen duenez elikagai burujabetzaren aldeko aldarria eginen du Lurramak azaroaren 15era Miarritzen.
Lurrama elkarteak agiria plazaratu du gaur heldu den azaroaren 13tik 15era ateak zabalduko dituen saloiaren antolaketan lanean jarraitzen duela baieztatuz.
Jakitera eman dutenez udan jarri ziren harremanetan Biarritzeko Herriko Etxea, Turismo bulegoa eta Suprefeturarekin, «behar diren neurri sanitarioak plantan ezartzeko».
Hala ere azkeneko asteotan bata bestearen atzetik murrizketak agindu dituzte osasun arduradunek. Horrek zeharo zangopilatu dituela prestaketa lanak onartu dute Lurramako antolatzaileek.
«Iraileko sartzean egoera aski ona izanki, baikorki aritu gira usaiako antolakuntza gauzatzeko, halere egokitzapen batzuekin jendearen joan-jinak bideratzeko eta espazioak ahal bezain ongi erabiltzeko, animazio batzuk kenduz», oroitarazi dute.
Alta, irailaren 23an, Pirinio Atlantikoetako departamendua «alerta eremuan» sartu zuten frantses osasun agintariek, eta nahiz eta orduz geroztik indarrean diren hertsapen berriek ez dituzten zuzenean hunkitzen laborantza herrikoairen azoka, Lurramako antolatzaileek ohartu dira «egoera fite okertzen dela» eta «zentzuz» jokatze aldera hasi dira hainbat alternatiba aztertzen.
Alerta gorrian eta hertsipen berrien zain
Paris bezala bertze frantziar hiri nagusiak «alerta larriago» egoeran jarri ditu frantziar Gobernuak eta ezin da inondik inora baztertu, pandemiaren egoera ez bada kontrolpean ezartzen, hemendik gutxira neurri oraindik ere zorrotzagoak agintzea. Hala nola taberna eta jatetxeen itxiera aldarrikatuz edo tokikan tokiko konfinamenduak plantan emanez.
Irailaren 28an Paueko Prefeturak neurri berriak hartu bazituen ere, Ipar Euskal Herria ez dago, orandik ere, egoera horretan. Izan ere aldaketa hori gauzatuko balitz, esaterako egun areto handietan indarrean dagoen 5.000 pertsonen aforoa 1.000 pertsonetara mugatuz, baldintza horiek «gertakariaren bideragarritasuna mehatxatuko lukete», aitortu dute Lurrama elkartearen lagunek.
Horrendako, egoeraren garapenaren arabera, zein moldean eginen den aurtengo Lumarra erabaki beharko dutela kontziente dira.
Gaur plazaratu duten oharrean beraien nahikeria argiki azaldu dute. «Mugatua izan ala ez, nahi dugu aurtengo edizioak gaurko erronkei erantzun diezaien, eta laborantza herrikoia eta iraunkorrak biharko munduaren desafioeri aurre egiteko toki nagusia izan dezan», berretsi dute.
Tokiko mozkin osasuntsuak ekoizteko hautua
Covid-19aren krisiari aurre egiteko iragan udaberrian aldarrikatu zen konfinamenduaren egoera laborariek dituzten ekoizpen eta banaketaren sistemen mugak nabarmentzera etorri zela oroitarazi dute. Izan ere, baikor baloratu dute «kontsumitzaileek tokiko laborantzaren alde eginiko hautua».
«Ez dugu pentsatzen laborantza industriala eta high tech delako horiek jendearen beharreei erantzuteko gai izanen direnik, eta gure ustez gure kontsumoaren berlokalizatzeko eta elikaduraren burujabetasuna garatzeko bidea segitu behar dugu», gaineratu dute.
Hain zuzen «Biharko mundua gaurko hautua» izanen da aurtengo Lurramaren leloa. «Lurraman betidanik sortu dugun eztabaida gunea mantendu nahi dugu aurten inoiz baino beharrezkoagoa dela iduritzen zaigulako» mahaigaineratu dute.
«Osasuna bermatuz formula egokiena hautatzea», hori izanen da zinez erabakigarriak izanen diren hurrengo asteotan Lurrama azokako antolatzaileek gainditu beharko duten erronka.